Mundua -
NIGERIA
Boko Haramen bideo batean 2014an bahitutako neskak ageri dira antza
Talde jihadistak igorritako bideo batean, 15 neska nerabe ageri dira, xadorra jantzita. Gaur bi urte bahitutako 200 nesken gurasoei erakutsi diete bideoa, eta hiruk euren alabak identifikatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Boko Haram talde jihadistak Nigeriako Gobernuari bideo bat igorri zion iazko abenduan; bertan, besteak beste, 15 neska ageri dira, eta agintariek uste dute duela bi urte Chibok herrian bahitutako 200 nesketako batzuk izan daitezkeela.
Haur horien gurasoei erakutsi diete bideoa, eta horietako hiruk, gutxienez, euren alabak identifikatu dituzte.
Gaur bi urte bahitu zituzten 200 ikasle, guztiak neskak, Chibok herrian. Urte horretan bertan, maiatzean, Boko Haramek bideo bat zabaldu zuen, nesken irudiekin, bahiketa bere gain hartuz. Ordutik, ez da haien arrastorik.
Nigeriako agintarien esanetan, bideoa ikertzen jarraituko dute, datu zehatzagoak izan arte. Izan ere, iturri horiek gaineratu dutenez, ez litzateke Boko Haramek "bideo faltsua" bidaltzen duen lehen aldia izango.
Iazko abenduan grabatutako bideoa da; 15 neska nerabe ageri dira bertan, xador (aurpegia agerian uzten duen beloa) beltza soinean dutela. Bakoitzak bere izen-abizenak, nongoak diren eta zein ikastetxetara joan ziren esaten du kamera aurrean.
Bornoko hiriburuan, Maidugurin, erakutsi zieten atzo bideoa, bahitutako nesken ama batzuei eta hainbat agintariri, Premium Times egunkariak gaur argitaratu duenez.