Mundua -
FRANTZIA
Parisko suminduak modu baketsuan atera dituzte Errepublika plazatik
Martxoaren 31n hasi ziren protestak, Frantzian, bertako Gobernuak abian jarri nahi duen lan-erreformaren kontra. Errepublika plazan biltzen hasi ziren ehunka herritar.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko suminduak hiri horretako Errepublika plazatik kanporatu ditu Poliziak, modu baketsuan. Ehunka lagunek hamaikagarren gaua igaro dute bertan, besteak beste, Frantziako Gobernuak iragarri duen lan-erreformaren kontra protesta egiteko.
Martxoaren 31n abiatu ziren protesta-ekintzak, 'Nuit debout' (Gaua zutik) mugimenduak deituta, eta manifestariek Errepublika plaza hartuta izan dute ordutik, baina gaur amaitzen zitzaien Prefeturak plaza horretan egoteko emandako baimena, eta, Poliziak eskatuta, plazatik ateratzen hasi dira goizean goiz.
Azken egunotan, hainbat etxola jarri dituzte Errepublika plazan, bilkurak eta bestelako ekintzak egiteko. Parisko garbiketa zerbitzuko langileek guztiak kendu dituzte dagoeneko.
Atzo arratsaldean bildu zen bertan jende gehien: milaka lagunek hartu zuten parte 'Nuit debout' taldeak deitutako batzar irekietan, hainbat gizarte-gai jorratzeko.
François Hollande Frantziako presidenteak martxan jarri nahi duen lan-erreformaren kontra egiteko, manifestazio jendetsua egin zen martxoaren 31n Parisen, eta egun horretan bertan hasi zen biltzen suminduen mugimendua Errepublika plazan.
Lan-erreformaz gain, beste hainbat aldarrikapen sozial ere baditu bere helburuen artean mugimendu horrek, eta Frantzia osoko hainbat hiriburutara ere zabaldu da.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak ikasle-taldeak hartuko ditu gaur Gobernuaren egoitza nagusian, azkenaldian herrialdean harrabotsa sortu duten gaien inguruan hitz egiteko. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, baliteke Vallsek gazteen eskarien aldeko hainbat iragarpen egitea gaur bertan, tentsioa baretze aldera.