Mundua -

ATENTATUAK BRUSELAN

F-16 hegazkinak bidaliko ditu Belgikak, Estatu Islamikoa bonbardatzeko

John Kerry AEBtako Estatu idazkariarekin bildu ostean iragarri du Charles Michel Belgikako lehen ministroak ehiza-hegazkinak bidaliko dituztela. Parlamentu belgikarraren onespena du misio honek.

John Kerry eta Charles Michel, gaur. EFE.
Belgikak alerta maila jaitsi du

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

F-16 ehiza-hegazkinak bidaliko ditu Belgikak Ekialde Hurbilera, Estatu Islamikoaren gotorlekuak bonbardatzera, Charles Michel lehen ministro belgikarrak iragarri duenez.

Astearteko atentatuen ondoren, John Kerry AEBtako Estatu idazkariarekin bildu da, goizean, Michel Bruselan. Horren hitzetan, Belgikako Parlamentuaren onespena du gaur Kerrykin adostu duen misio militarrak.

"Ziur gaude parez pare ditugun desafioek, segurtasunaren inguruko desafioek, gure baloreak eta oinarriak defendatzea eskatzen dutela. Europak eta AEBek partekatzen dituzten baloreak dira", esan du Belgikako lehen ministroak. Terrorismoaren kontrako borrokan,  batasunak gailendu behar duela adierazi du. Michelen arabera, AEB eta Europa "demokrazia handien ispilu" dira. "Balore sendoak dituzten herrialdeak gara; adierazpen askatasuna, aniztasuna eta gure gizarteen zabaltasuna defendatzen ditugu misio hauen bidez", gaineratu du. Terrorismoari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela hitz eman du, oinarrian dituzten baloreei uko egin gabe. Horretarako, Estatu Batuekin elkarlanean aritzeko konpromiso irmoa agertu du.

Gutxienez 31 lagun hil ziren eta 200 baino gehiago zauritu, asteartean, Bruselan izandako atentatuetan; Zaventemgo aireportuan eta Maelbeekeko metro-geltokian izan ziren erasoak. Lehen ikerketen arabera, erasogileak bost izan ziren. Horietako hiruk bere buruaz beste egin zuten, eta beste biak ihes egin zutela uste du Belgikako Poliziak.

'Estatu Islamikoa, geroz eta ahulago'

John Kerryk, goizeko bileraren osteko agerraldian, esan duenez, "Estatu Islamikoa geroz eta ahulago" dago eta horregatik ari da Europa erasotzen. "Buruzagiak, kideak eta finantzatzeko gaitasuna galtzen ari da", esan du. Munduko gobernu guztiek gaitzesten dute Estatu Islamikoa, AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan. Bruselako atentatuek utzitako biktimen artean estatubatuarrak daudela ziurtatu du, oraindik hildakoen izen-abizenak ofizialki zabaldu ez diren arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela Belgika Atentatuak argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa