Mundua -

ATENTATUAK BRUSELAN

Susmagarri bat atxilotuta Schaerbeeken, Bruselan, polizia-operazioan

Atxilo hartu aurretik, Poliziak tiroz zauritu du. Bestalde, gutxienez zazpi lagun atzeman ditu Belgikako Poliziak, bart, Bruselako hainbat auzotan egindako operazioetan.

Lehergailu-teknikari bat, Schaerbeeken, operazioan. Argazkia: EFE.
Lehergailu-teknikari bat, Schaerbeeken, operazioan. Argazkia: EFE.
Polizia belgiarra presioa haunditzen erasotzaileen inguruari

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako Polizia federalak beste operazio bat egin du Schaerbeek barrutian, Bruselan; horren ondorioz, susmagarri bat zaurituta izan da, eta, gerora, atxilotuta, komunikabideek jakitera eman dutenez.

Poliziako unitate bereziak auzo horretako etxebizitza batean sartu dira, eta hainbat leherketa entzun ziren operazioan zehar. Amaituta dago operazioa, RTBF katearen arabera.

Gizon batek motxila bat zeraman, eta agenteen aginduei ez die kasurik egin; segurtasun-indarrak tiroka hasi dira eta gizona lurrean etzanda geratu da, tranbiaren bideen ondoan, kate horrek dioenez.

RTL kateen irudietan ikusten denez, lehergailu-teknikariek euren robotetako bat erabili dute, baieztatzeko ea motxilan lehergailurik zegoen.

Parisen egindakoaren ondorioa izan da gaurko operazioa

Operazioak erlazioa du ostegunean Parisen egindakoarekin; bertan gizon bat atxilotu zuten eta, Belgikako komunikabideek diotenez, atentatu-proiektu bat saihestu zuten segurtasun-indarrek.

Schaerbeekeko alkate Bernard Clerfaytek esan du operazioak harremana duela Bruselan asteartean izandako atentatuekin ere, eta atzo gauean Argenteuilen (Frantzia, Parisetik oso gertu) burututakoarekin, RTBFren arabera.

Meiser plazatik hurbil burutu dute Bruselan eguerdiko operazioa. Ingurua arma asko zeramatzan hainbat agentek babestu dute, baita kamioi militarrek ere.

Lehergailuak desaktibatzeko zerbitzua bertan izan da, eta Bruselako Poliziako taldeak; ematen du ez dutela esku hartu.

Zazpi atxiloketa

Bestalde, gutxienez zazpi lagun atxilotu ditu Belgikako Poliziak, bart, Bruselako hainbat auzotan egindako operazioetan, asteon, hiri horretan izandako atentatuekin lotura dutelakoan. Belgikako Fiskaltzak jakitera eman duenez, operazio zabalak izan dira, eta, oraindik, martxan daude.

Jette eta Schaerbeek auzoetan egin dira atxiloketak; helikopteroz zaintzen ari dira inguru guztia, atzotik, eta kasu berezietan aktibatzen diren segurtasun indarrak jarri dituzte martxan: dozenaka agente ari dira parte hartzen, eta ibilgailu bereziak atera dituzte kalera.

Asteartean Zaventemgo aireportuan eta Maelbeekeko metro-geltokian izandako atentatuen harira zabaldutako operazio honetan, ez dira atxiloketa gehiago baztertzen.

RTBF telebista publikoaren arabera, Fiskaltzaren egoitza nagusiaren aurrean aparkatuta zegoen auto baten barruan zeuden atxilotuetako hiru. Fiskalak ez du argitu horren inguruko daturik. Beste bi atxiloketa Brusela erdiguneko etxebizitza batean egin dira, eta seigarrena Jette auzoan.

Shaerbeeken ere, segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte, eta miaketa ugari ari dira egiten; hain zuzen, auzo horretako etxebizitza batean prestatu zuten, Poliziaren arabera, aireportuko atentatua. Hiru erasogileak aireportura eraman zituen taxi-gidariak emandako lekukotzari esker aurkitu zuen Poliziak terroristek alokatutako etxebizitza; lehergaiak aurkitu zituzten bertan. Oraingoz, baina, inguru horretan ez da atxiloketarik izan.

Zazpigarren atxiloketa, berriz, Forest auzoan izan da, Brusela hegoaldean. Inguru horretan ere, gauerdian hasi da operazioa, eta dagoeneko, amaitu da.

Atxiloketei eta operazioei buruzko xehetasunak ematera agertuko da, eguerdian, Belgikako fiskala hedabideen aurrera. Oraingoz, atxilotuen izen-abizenak ez dira zabaldu.

Frantzia

Frantzian ere, polizia-operazioak izan dira bart, eta Bernard Cazeneuve  Barne ministroaren arabera, "burutzeko prest zegoen atentatu terrorista bat eragotzi" dute.

francia frantzia policia polizia EFE

EFE

Caseneuvek jakitera eman duenez, Argenteuil herrian (Frantzia iparraldean) bi polizia-operazio jarri dituzte martxan. Oraingoz, pertsona bat atxilotu dute, frantziarra. "Jihadismoaren sare honetan ardura handia duelakoan gaude", esan du ministroak.

"Frantzian burutzear zegoen atentatu terrorista bat eragotzi dugu operazio honi esker", ziurtatu du.

Atxiloketak, Alemanian

Alemaniako poliziak gaur baieztatu duenez, bi susmagarri atxilotu ditu, Dusseldorfen eta Giessenen (herrialdeko ekialdean). Hainbat hedabidek diote atxilotuek zerikusia dutela Bruselako atentatuekin.

Bata Samir E. da, 28 urteko alemaniarra, Dusseldorfeko kanpoaldeko auzo batean atzo atxilotu zutena; bestea, aldiz, marokoarra da eta 28 urte ditu ere; Giesseneko tren-geltokian harrapatu dute, kontrol arrunt batean.

Der Spiegel astekariak Samir E.ren gaineko informazioa zuen emana, aldez aurretik; izan ere, salafista hori ikertzen ari dira. Antza, "Estatuko segurtasunaren aurkako ekintza bortitza" ari zen prestatzen.

Komunikabide horren arabera, susmagarria Turkiako agintariek atzeman zuten 2015eko udan, Siriako mugan, Ibrahim El Bakraouirekin batera. Azken hau da Zaventemeko aireportuan asteartean egindako atentatuaren ustezko egileetakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela Frantzia albisteak Atentatuak bideoak Albisteak Gaur Albisteak