Mundua -
BRUSELAKO ATENTATUAK
Metroko erasotzaileak bi izan zirela uste du Poliziak
Hori baieztatuko balitz, bost lirateke guztira Bruselan asteartean izandako atentatuen egileak; hiruk bere buruaz beste egin zuten, eta bi ihes eginda leudeke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bruselan Maelbeekeko metro-geltokian izandako atentatuaren egileak bi izan zirela uste du Belgikako Poliziak. Orain arte, erasogilea bakarra zela uste zen, Jalid el Bakraoui bere buruaz beste egin zuen gizonezko belgikarra. Bigarren erasotzaileak ere bere buruaz beste egin zuen edota ihes eginda dagoen argitzeke dago.
Metro-geltokiko segurtasun kamerek hartutako irudietan Bakraoui ageri da, eta soinean poltsa handi bat duen gizonezko bat du alboan, RTBF hedabide publikoak jakitera eman duenez.
Poliziaren azken hipotesi hori baieztatuko balitz, bost lirateke Bruselan asteartean izandako erasoen egileak. Gutxienez 31 lagun hil ziren eta 300 zauritu, metro-geltokian eta aireportuan izandako erasoetan.
Zaventemgo aireportuan izandako atentatuaren erasogileak hiru izan ziren, ikertzaileen arabera; aireportuko kamerek jasotako irudi batean ageri dira hirurak. Horietako bi, dagoeneko, identifikatu dituzte, grabazioei eta ADN frogei esker: Ibrahim el Bakraoui, metroko erasogileetako baten anaia, eta Najim Laachroui, ustez Parisko atentatuekin ere lotura zuzena duena. Biek bere buruaz beste egin zuten.
Hirugarrenak ihes egitea lortu zuen. Ikerketako iturriek zabaldu dutenez, lehergaiz betetako maleta bat utzi zuen aireportuan, baina ez zuen leherrarazi, eta bertan utzita alde egin zuen.
Baieztatu dute suizidetako batek lotura duela Pariseko atentatuekin
Bestalde, Belgikako Fiskaltza federalak baieztatu du lotura dagoela Bruselan asteartean erasoa egin zuten terrorista suiziden eta Parisen azaroaren 13an izandako atentatuen artean; izan ere, suizidetako batek Frantziako hiriburuko erasoak prestatzeko balio izan zuen etxe bat alokatu zuen Charleroin, Belgikako hegoaldean.
Agiri batean, Fiskaltzak azaldu du Khalid El Bakraouik, alegia, Bruselako metroan atentatua egin zuenetako batek (Europako erakundeak dauden tokitik gertu egin zuen erasoa), Charleroiko Forteko kalean izan zuela alokatuta gela bat.
Gela horretan, hain zuzen, ezkutatu zuen Pariseko atentatuak eragin zituen taldea. 130 lagun hil ziren erasoetan, azaroaren 13an, eta ehunka zauritu izan ziren. Abenduaren 9an miatu zuten.
Khalid El Bakraouiren aurkako susmoak zeudenez, bera harrapatzeko euro-agindua eman zuten, baita nazioarteko atxiloketa-agindua ere. Ibrahim Maaroufi izena zuen Belgikako nortasun-agiri faltsua erabili zuen. Berez, oraindik ere dago ikusgai Sarean Interpolek haren aurka ezarritako "fitxa gorria", Brusela bere bila zebilen, "terrorismoagatik".
Ibrahim El Bakraoui anaia Zaventemeko aireportuko terrorista suizidetako bat izan zen. Orain, polemika handia dago haren inguruan Belgikan eta Turkiarekin; izan ere, azken herrialde horretatik bota zuten iazko udan, "borrokalari atzerritar" bezala atxilotua izan ostean.
Atxilotu bakarra, aske
Halaber, astearteko atentatuen harirako atxilotu bakarra aske utzi dute, Fiskaltza federalak agiri batean jakinarazi duenez. "Schaerbeek auzoan egindako ikerketen barnean, martxoaren 22an, lagun bat atxilotu zen. Aske dago, galdeketa sakona izan ostean", esan du Belgikako Ministerio Publikoak.
Gainera, zehaztu dute miaketak egin zituztela asteazkenean Ibrahim eta Khalid Bakraoui anaien etxeetan (metro eta aireportuko suizidak izan ziren), baina bilaketak "negatiboa" eman du.
Polizia-operazioak
Bestalde, poliziak hainbat operazio abian ditu goizean goizetik Bruselan. Ixelles etorbidearen inguruan, hiriaren erdigunean, hainbat miaketa egiten ari dira, Belga berri-agentziak jakitera eman duenez.
Inguru hori itxi egin du Poliziak, eta segurtasun-sare bat ezarri du inguruko kaleetan. Lekuko baten arabera, 09:00ak inguruan gizonezko bat eraman dute atxilotuta, eta haren autoa arakatu dute.