Mundua -

Atentauak, Bruselan

Brusela, normaltasunera itzuli nahian

Atentatuen ostean, goizean zabaldu dituzte hainbat metro-geltoki. Poliziak kontrol neurri zorrotzak ezarri ditu guztietan. Zaventemgo aireportuak itxita jarraitzen du.

Belgikako Polizia, Schaarbeek metro-geltokia zaintzen, gaur. EFE.
'Atentatuek bizitza aldatu dute Bruselan eta Belgikan betirako'

13:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atentatuek hankaz gora utzi zuten atzo Brusela, eta gaur, poliki-poliki, egoera bere onera ekarri nahian ari dira hiriburuko agintariak. Aireportuan eta metro-geltokian erasoak izan ondoren, garraio publikoa eten egin zen, eta gaur goizean hasi dira hainbat zerbitzu berriro martxan jartzen, segurtasun-neurri zorrotzak ezarrita.

Metroari dagokionez, 1 eta 5 lineak zabaldu dituzte, eta militar eta polizia ugari daude sarrera-irteerak zaintzen. Kontrol zorrotzak ezarri dituzte, eta bidaiari guztiak identifikatu eta horiek daramatzaten poltsak eta maletak miatzen ari dira. 07:00etan jarri dituzte martxan bi zerbitzuok, 19:00ak arte. Atentatua izan zen geltokia, Maelbeek, txikituta dago, eta ez dute zabaldu. Egunak beharko dituzte kalteak konpondu eta berriro martxan jartzeko.

Tren geltokietan ere, polizia-kontrolak zorrotzak dira. Oraingoz, lau geltoki bakarrik daude zabalik: Brusela-Iparraldea, Brusela-Erdialdea, Brusela-Middi eta Brusela-Luxenburgo. Horietan, sarrera bakarra zabaldu dute, eta bidaiari guztiek bertatik igaro behar dute.

Zaventemgo aireportua, itxita

Zaventemgo aireportuan ere txikizio handia eragin zuten atentatugileek, eta, oraingoz, ez dago zabaltzeko moduan.

"Gainera, ikerketa dela eta, auzitegiko medikuek eta ikertzaileek bakarrik dute eraikinera sartzeko aukera. Ez dago jakiterik kalteak zenbatekoak diren. Aireportua itxita egongo da gaur", esan dute aireportuko arduradunek, ohar baten bidez.

VRT komunikabide publikoak zabaldu duenez, Pazko Astea igaro arte ez dute zabalduko aireportu hori.

Bestalde, atzo aireportuan zeuden bidaiariei eta maletak bertan utzi behar izan zituztenei mezua igorri die aireportuko zuzendaritzak; galdutako objektuen bulegora jo beharko dute ondorengo egunotan, eta bertan agiri bat bete, galdu dutenaren berri emanez.

Aste Santurako aurreikusita zeuden hegaldiei buruzko informazioa argitzeko, hau da, hegaldi horiek nondik eta nola bideratuko dituzten jakiteko, dagokion hegazkin-konpainiarekin harremanetan jartzeko eskatu diete bezeroei.

Oraingoz, Bruselako bigarren aireportua, Charleroikoa (Bruselatik 60 bat kilometrora) martxan da, eta ez dute hegaldirik bertan behera utzi. Hor ere, kontrol zorrotzak daude atzotik, eta, hori dela eta, aireportura euren hegaldia abiatu baino lau ordu lehenago joateko eskatu diete bidaiariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Bruselaseko albisteak gaur Atentatuak albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak