Mundua -

Leherketa

Gutxienez bost lagun hil dira Istanbulen izandako atentatu batean

Erasoa bederatziak aldera izan da, Istanbuleko aisialdigune eta komertzio leku garrantzitsu batean, bertako telebista batek jakinarazi duenez.

Atentatua Istanbulen. Argazkia: Efe
Atentatua Istanbulen.
Gutxienez bost lagun hil dira Istanbulen, atentatu baten ondorioz

0:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost lagun hil eta hiru larri zauritu dira gutxienez Istanbuleko Istiklal kalean izan den atentatu batean, Vasip Sahin gobernadoreak hedabide turkiarrei jakinarazi dienez.

Erasoa emakumezko suizida batek egin du. 09:00ak baino lehentxeago leherrarazi du bonba bat Istanbul erdiguneko aipatu kalean, barrutiko gobernu bulegoaren aurrean. Hiru pertsona, erasotzaileaz gain, hil dira lekuan bertan, eta beste bat ospitalean.

Guztira 36 dira zaurituak, eta tartean hiru larri eta 12 atzerritar daude, eta anbulantzien joan-etorriak etengabeak dira, Poliziak inguratu duen kalean. CNNTürkek aipatu dituen lekukotzen arabera, suizidak oinez zihoala leherrarazi du bonba, eta uste dute agian ez dela iritsi heldu nahi zuen lekuraino.

Hasiera batean jomugan merkataritza-gune bat izan zitekeela zabaldu dute, baina orain uste dute erasotzailea gobernu ordezkaritzara bidean zihoala, bertatik metro gutxira izan delako.

Poliziak Istiklal kalea bera eta Taksim plaza, ondoan dagoena, jendez hustu ditu. Jende andana ibiltzen da inguru horretan, denda, taberna eta kafetegi ugari dagoelako. Dena dela, larunbat goizetan ez da horrenbeste jende bertaratzen, eta horregatik ondorioak ez dira larriagoak izan.

Aurreko igandean beste suizida batek bonba-auto bat leherrarazi zuen Ankara erdigunean, eta 37 pertsona hil zituen, kurduek beregain hartutako eraso batean.

Gaitzespena

Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak gaitzetsi egin du atentatu suizida. "Gogor gaitzesten dut gaur goizean Istanbuleko oinezkoen etorbide batean izan den eraso terrorista, zibil errugabeen eta gure aliatu den Turkiaren kontra egindako beste eraso terrorista bat", adierazi du agiri batean.

Bestalde, Espainiako Gobernuak "Istanbulen gaur izan den eraso terrorista ankerra" salatu du. Era berean, "terrorismoaren kontrako borrokan babestu" du Turkiako Gobernua.

AEBk bat egin du atentatuaren gaitzespenarekin, turkiarren eta atzerritarren kontra egindako "indarkeria defendaezina"ren azken erasoaren harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Turkia