Mundua -

ERREFUXIATUEN KRISIA

Turkiak beste 3.000 milioi euro eskatu ditu, errefuxiatuak artatzeko

Lehendik, 3.000 milioi euro emateko konpromisoa hartuta zuen Europar Batasunak. Orain beste horrenbeste eskatu dizkio, 2018rako.

Errefuxiatuak, Turkian.
Errefuxiatuak, Turkian.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiak 2018rako beste 3.000 milioi euro eta turkiarrei bisak liberalizatzeko prozesua azkartzeko eskatu dio Europar Batasunari, bere lurraldean dituen bi milioi errefuxiatuei lagundu ahal izateko. Hala galdegin die Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak Bruselan egindako bileran.

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak agerraldia egin du, Ankarako agintariarekin egin duten batzarraren xehetasunak emateko.

“Beste 3.000 milioi euro eskatu dizkigu Turkiak 2018rako. Europako Parlamentua prest dago egin beharrekoa egiteko eskaera horri ahalik eta azkarren erantzuteko”, azaldu du Schulzek.

Aurretik, jada, Turkiari 3.000 euro emateko konpromisoa hartua zuen Europar Batasunak, errefuxiatuak bere lurraldean manten zitzan.

Europar Batasuneko zenbait iturriren arabera, Turkiaren proposamen berriak “prozesua zailduko” du eta litekeena da gaur akordiorik ez izatea, bileran parte hartu duten agintari askok gaur arte horren berririk izan ez dutelako.

Turkiaren asmoa ondokoa da: 2016-2017 urteetan errefuxiatuei laguntzeko hasiera batean emandako 3.000 milioi euroak agortzen direnean, Europar Batasunak beste horrenbeste ematea, 2018an.

Bestalde, bisen liberalizazioa urrirako zegoen aurreikusita, baina Ankarak ekainera aurreratzea nahi du, ordurako EBrekin sinatutako akordioa betetzen ari dela egiaztatuta egongo delakoan.

Trukean, Turkiak konpromisoa hartzen du Greziara -oraindik zehaztu gabe dagoen epe batetik aurrera- iristen diren “migratzaile ekonomiko” eta “errefuxiatu” guztiak bere lurraldean hartzeko.

Sistema honen bitartez, Turkiako Gobernuak bermeak nahi ditu, batetik, Alemaniak honezkero bere gain hartu dituen milioi bat iheslariak bere lurraldera ez eramateko, eta bestetik, Europar Batasunak itzultze horiek eragingo dituzten kostu ekonomikoak bere egiteko.

Horrez gain, Greziatik Turkiara eramango duten siriar bakoitzeko, Turkiatik Europar Batasunera bide legalen bidez errefuxiatu bat eramateko eskatu du, “azken balantzea neutrala” izana dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Europar Batasuna Europa bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan Turkia albisteak