Mundua -
Mendebaldeko Sahara
Saharako errefuxiatuen egoera 'tragikoa' deitoratu du Ban Ki Moonek
Saharako herriaren sufrimendua deitoratu du NBEko idazkari nagusiak. “Nazioarteak herri hori ahaztu” duela salatu du Banek.
Agentziak | Erredakzioa
Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu ostean ihes egin zuten errefuxiatuen egoera “tragikoa” deitoratu du Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiak. Aljeriak errefuxiatuak hartu zituela 40 urte bete dira.
Banek eskualdea bisitatu du, Espainiako kolonia ohian autodeterminazio referenduma egiteko negoziazioak bultzatzeko.
“Bisitan Saharako errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dut, nazioarteak ahaztutako tragedia bat”, adierazi du Banek. “Saharako errefuxiatuen kanpamentuak munduko zaharrenak dira”, gogorarazi du NBEko idazkari nagusiak.
Saharako herriaren sufrimendua deitoratu du buruzagiak. “Nazioarteak herri hori ahaztu” duela salatu du Banek. NBEk elkarrizketa berriz hasteko eta errefuxiatuei laguntza ematen jarraitzeko lan egingo duela agindu du nazioarteko agintariak.
Egoera “onartezina”
Hainbat eta hainbat urte banandurik eman dituzten familiengatik atsekabea azaldu du idazkari nagusiak, egoera “onartezina” delako.
Ban Esmarako errefuxiatuen kanpamentua bisitatu ondoren Saharako gizartearen agintari eta ordezkariekin bildu da.
NBEko idazkari nagusia Tindufeko kanpamentuetan (Aljeria) izan da. Bir Lehlu Fronte Polisarioaren kontrolpean dagoen Mendebaldeko Saharako eskualdea ere bisitatu du; izan ere, MINURSOko misioaren basea bertan dago.