Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Ikasgeletara suzko armak eramatea baimendu du Texasko Unibertsitateak

Unibertsitate horretako irakasle eta ikasle ia gehienak neurriaren kontra agertu dira, baina legea indarrean jarri beste aukerarik ez dagoela esan dute Texasko agintariek.

EFE
EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren ikasturtetik aurrera Texasko Unibertsitateko (UT) ikasleek suzko armak eraman ahal izango dituzte ikasgeletara, Greg Fenves erakunde horretako presidenteak jakitera eman duenez.

"Armak ez dira Unibertsitatearenak izango. Hori garbi utzi nahi dut. Nire bizitzako desafiorik handiena izan da erabaki hau indarrean jarri behar izatea", esan du Fenvesek. Neurria ez da indarrean sartuko ikasleen egoitzetan, kirolguneetan eta laborategietan. Debekatuta dago horietara armatuta sartzea.

Errepublikanoak nagusi diren Texasko bi ganbera legegileetan duela hilabete batzuk onartu zuten lege berria, eta orain jarri behar dute indarrean. Fenves bera eta Unibertsitateko komunitate ia guztia neurriaren kontra agertu dira.

Texasko Unibertsitatea herrialde horretako handienetakoa da, eta izen handikoa da mundu osoan. 50.000 ikasle ari dira bertan ikasketak egiten. Publikoa denez, nahitaez jarri behar du indarrean armen inguruko neurri hori. Unibertsitate pribatuek, berriz, ezarri edo ez erabakitzeko aukera dute, eta gehienek armak eskolara ez eramatearen aldeko jarrera agertu dute dagoeneko.

Steven Weinberg Nobel sariduna UTko irakaslea da, eta bere ikasgelan inor ez dela armatuta sartuko esan du. "Nire eskola-orduetara inor ez da armatuta etorriko, nire eta gelakide guztien segurtasunagatik", adierazi du.

Ehunka irakasle eta milaka ikasle agertu dira neurri polemiko honen aurka, baina, oraingoz, indarrean jarri beste aukerarik ez dutela esan dute Texasko agintariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak