Mundua -

'The Guardian'en arabera

1.134 gazte beltz tiroz hil ditu Poliziak AEBn 2015ean

Biztanleriaren % 2 baino ez badira ere, tirokatuta izateko bederatzi aldiz aukera gehiago dute gazte beltzek.

Michael Brownen heriotzak liskar anitz ekarri zituen. Argazkia: EFE
Michael Brownen heriotzak liskar anitz ekarri zituen. Argazkia: EFE
Michael Brownen heriotzak liskar anitz ekarri zituen. Argazkia: EFE

EUROPA PRESS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ika-mika handia sortu zuen Michael Brown gazte beltzaren heriotza 2014ko abuztuan jazo bazen ere, arraza kontuengatik AEBn izandako protestak eta aktibismoak areagotu egin dira 2015ean zehar.

Mugimendu horiek sustatutako kanpainek Poliziak izandako jarrera bortitzak salatu izan dituzte, eta polizia zuriek erahildako gazte beltzen kopuru handia nabarmendu dute. Kanpaina horien artean, 'Black Lives Matter' ('Beltzen bizitzak balioa du') aipa dezakegu.

Auzi horren harira, hain justu, 'The Guardian' kazeta britaniarrak egindako ikerketa baten arabera, biztanleriaren % 2 baino ez badira ere, tirokatuta izateko bederatzi aldiz aukera gehiago dute gazte beltzek Amerikako Estatu Batuetan. Gauzak horrela, 1.134 gazte beltz hil zituen Poliziak 2015an. Ondorioz, heriotza-tasarik altuena du kolektibo beltzak.

Poliziak erabilitako indarkeriaren ondorioz, hildakoen % 15a 15 eta 34 urteko bitarteko gizonezko beltzak dira. Adin bera duten zuriekin alderatuta, tasa hori bost aldiz handiagoa da beltzen kasuan.

Gobernuak plazaratutako heriotza-tasa ofizialen arabera, 65 gazte beltzetatik bat hil egiten da AEBn, polizia batek tirokatuta, alegia.

"Neurririk gabeko eragina du epidemia horrek beltzengan", salatu du Brittany Packnett Poliziaren lana aztertzen duen lantaldeko kideak eta ekintzaileak. "Alferrik ari gara galtzen gazte anitzen bizitzak", gaineratu du.

Iaz Tamir Rice 12 urteko haur beltz bat tiroz hil zuen agente batek, haurrak jolas-pistola bat zuela. Aste honetan jakinarazi dutenez, agentea absolbitu egin dute. Horren harian, Packnett ekintzaileak deitoratu duenez, "legeak ez dauka indarrik disuasio-neurri bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Polizia indarkeriari buruzko albisteak Arrazismoa bideoak