Mundua -

Klima aldaketaren goi-bilera

CO2 emisioak gutxitzeko aurreakordioa lortu dute Parisen

Ia 200 herrialdeetako ministroak aurreakordio hori borobiltzen saiatuko dira astelehenetik aurrera. Dena den, artikulu zailenak ixteko daude oraindik.

Parisko klima-aldaketari buruzko goi-bilera. Argazkia: EiTB
Parisko klima-aldaketari buruzko goi-bilera. Argazkia: EiTB
Parisko klima-aldaketari buruzko goi-bilera. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko klima aldaketari buruzko goi-bileran parte hartzen ari diren herrialdeek aurreakordioa lortu dute CO2 gas isuriak gutxitzeko, eta astelehenetik aurrera aurreakordio hori borobiltzen saiatuko dira ia 200 herrialdeetako ministroak. Dena den, artikulu zailenak ixteko daude oraindik.

Atzo onartutako dokumentua negoziatzaileen lau urteko lanaren fruitua da. Aipaturiko dokumentuak 55 orrialde zituen Parisko goi-bilerara heldu zenean eta 48 ditu orain; 48 orrialde horietatik 22 datorren ostiralean onartzea aurreikusten duten akordioari buruzkoak dira (neurri-sortak) eta 5, berriz, eranskinak, azken orduan aldeek sartutako 96 proposamenekin.

Laurence Tubiana Frantziako Parisko goi-bileran duen ordezkariak aitortu duenez, zirriborroak aukera guztiak biltzen ditu oraindik eta horietako asko kontraesankorrak omen dira. Gainera, bi gai gatazkatsu konpondu gabe ei daude: herrialde garatuen eta garatze bidean dauden herrialdeen arteko ezberdintasunak eta azken horien finantzazioa.

Hala ere, onartu du datorren astean itun zabala lortzeko guztien nahia erakusten duela dokumentuak. Dena den, "oraindik ez gaude bidearen amaieran" eta "gai korapilatsuenak konpondu gabe daude".

"Oinarri horren gainean negoziatu beharko dute ministroek", adierazi zuen Tubianak. Ministroak astelehenean joango dira Parisera eta ostegunen goizerako akordioaren behin betiko bertsioa izatea espero du Tubianak. Ondoren, legelariek dokumentua errepasatu eta itzultzaileek testua Nazio Batuen Erakundeko sei hizkuntza ofizialetara itzuliko dute. Behin hori guztia eginda, akordioa ostiralean izenpetzea da asmoa.

Elina Bardram Europar Batasuneko negoziazio taldeko buruaren esanetan, "testu onargarria da alde guztientzat" eta Bardramek esandakoarekin bat egin dute negoziazio talde guztietako bozeramaileek. Klima aldaketari aurre egiteko etorkizuneko itunaren oinarria adostea lortu bada ere, negoziatzaileek aitortu dute oraindik ere izugarrizko lana dutela aurretik ministroek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Gaurko azken minutuko albisteak Paris azken albisteak Frantzia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa albisteak Euskal Herriko kutsadura