Mundua -

SIRIA

Siriara misio militarra bidaliko du Alemaniak, Frantziari laguntzeko

Frantziari Sirian laguntzeko eskatu zion Hollandek Merkeli duela astebete. Alemaniako Parlamentuak, gaur,  gehiengoz onartu du Frantziari laguntza militarra ematea.

Angela Merkel, gaur, Bundestagen, botoa ematen. EFE.
Angela Merkel, gaur, Bundestagen, botoa ematen. EFE.
Siriara misio militarra bidaltzea erabaki du Alemaniak

0:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoaren kontrako borrokan Frantziari babesa emateko misio militarra onartu du, asteon, Alemaniako Ministro Kontseiluak. Horren arabera, 1.200 soldadu alemaniarrek ikuskapen, segurtasun eta logistika lanak egingo dituzte Sirian. Gaur, proposamen hori bozkatu dute Bundestagen (Alemaniako Behe Ganbera), eta gehiengoz atera da aurrera. Hala, Alemaniak misio bilitarra bidaliko du Siriara, Frantziari laguntzeko.

598 parlamentarik eman dute botoa; horietatik 445ek Alemaniako Gobernuaren proposamenaren alde bozkatu dute, 146k aurka eta zazpi abstenitu egin dira.

Talde kontserbadoreak eta sozialdemokratak herenegun, jada, iragarri zuten Merkelen exekutiboaren proposamena babestuko zutela. Ganberaren % 80 ordezkatzen dute.

Aurreikusita bezala, oposizioko bi talde, Ezkerra eta Berdeak, kontra agertu dira; asteazkenean hasitako eztabaidan aurreratu bezala, misio militarraren kontra bozkatu dute, terrorismoari aurre egiteko bonbak erabiltzea "akats larria" dela iritzita. Gaur misio militarra "presaka eta helburu zehatzik ezarri gabe" onartu dela salatu dute oposizioko alderdiek.

Alemaniako Ministroen Kontseiluak diseinatutako plana, berez, urtebeterako da, baina luzatzeko aukera zabalik uzten du. 134 milioi euro biratuko dituzte ikuskapen, segurtasun eta logistika lanetara.Ikuskapenerako Tornado hegazkinak eta sateliteak jarriko ditu Alemaniak.

Gainera, Frantziako hegazkin bonba-jaurtitzaileak erregaiz hornitzeko hegazkina bidaliko du, Charles de Gaulles hegazkin-ontziari babesa emateko, fragata batekin batera.

Halaber, Alemaniak bere konpromiso zibila indartuko du Sirian eta inguruko herrialdeetan errefuxiatuei laguntzeko, eta herrialde barruan lekuz aldatu direnei eta horiek hartzen dituztenei laguntzeko.

Plana onartu zuenean, Alemaniako Gobernuak nabarmendu zuen Estatu Islamikoa mundu osoarentzako mehatxua dela. "Munduko bakearen eta nazioarteko segurtasunaren aurkako mehatxua da", esan zuen Merkelen Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gerra Siria Alemania bideoak Frantzia argazkiak François Hollande argazkiak Angela Merkel Estatu Islamikoa Albisteak Gaur Eguneko albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?