Mundua -
Turkia-Errusia gatazka
Siriako Armadak hegazkin errusiarreko pilotuetako bat erreskatatu du
Horixe baieztatu du Errusiako Gobernuak, turkomanoen bertsioa gezurtatuta. Errusiak aireko misilak eramango ditu Siriako basera. Erdoganek esan du turkiera hiztunak defendatuko dituela Sirian.
agentziak | erredakzioa
Turkiak atzo behera bota zuen hegazki errusiarreko pilotuetako bat bizirik erreskatatu du Siriako Armadak, eta Hamimim aireportura eraman du, Latakia probintziara (indar errusiarrak bertan daude), Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundearen arabera.
Rami Abderrahman gobernuz kanpoko erakunde horren zuzendariaren esanetan, beste pilotua terroristek hil zuten paraxutean salto egin zuenean. Latakia iparraldean erori zen.
Geroago, Errusiako Gobernua bera izan da pilotua onik erreskatatu dutela baieztatu duena.
Atzo informazio kontraesankorrak zabaldu ziren pilotuen inguruan. CNN Türk-ek zabaldu zuenez, milizia turkomanoek (Siriako Gobernuaren kontra daude eta Turkiaren babesa dute) hil zituzten bi pilotuak, tiroz, paraxutean jaisten ari zirenean.
Errusiak aireko misilak jarriko ditu
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi du Turkiarekin istilu gehiago izanez gero "modu batera edo bestera", baina "erantzun" egingo duela.
"Turkian dauden errusiarrak arrisku handian egon litezke", adierazi du Putinek.
"Ikusten ari gara, eta ez gu bakarrik, Turkiako egungo agintariek herrialdea islamizatzeko politika egiten ari direla azken urteotan", gaitzetsi du agintari errusiarrak.
Putinek argitu du islama babesten duela, baina Turkiarena "korronte erradikala" dela.
Era berean, presidente errusiarrak jakinarazi du Sirian terrorismoaren kontra borroka egiten ari diren indarrak babesteko neurriak hartuko dituztela, eta hegazkinak dituzten basean aireko misilak zabalduko dituela.
Erdoganek turkiera hiztunak defendatuko ditu Sirian
Turkiak ez du Errusiarekiko tentsioa handitzeko asmorik, baina mugak eta Sirian dauden turkiera hiztunak defendatuko ditu, Recep Tayyip Erdogan presidenteak adierazi duenez.
"Inork ezin du espero gu isilik eta geldirik geratzea gure mugaren segurtasuna etengabe urratzen ari direnean, baina ez dugu, inola ere, tentsioa areagotzeko asmorik", Erdoganen esanetan.
Latakia iparraldeko inguru hori "turkomanoena" dela azaldu du, eta Sirian bizi diren turkiarren "anaia etnikoak" direla.
Erdoganek gogorarazi du Turkiak "behin eta berriz" ohartarazi ziola Errusiari inguru horretan egiten ari zen operazioengatik. Hala, iragan ostegunean Ankarak Errusiako enbaxadoreari deitu zion turkomanoen kontra egindako erasoengatik protesta egiteko.
Erdoganek lehenengo aldiz deskribatu du atzoko gertakaria. Militar turkiarrek hamar ohar igorri omen zizkieten bost minutuan jatorri ezezaguneko bi hegazkini Turkiaren eremuan sartzeagatik.
"Oharren ostean, hegazkinetako bat Siriara itzuli zen eta besteak muga urratzen jarraitu zuen. Orduan, inguruan zebilen F-16 gerra hegazkinetako batek tiro egin zion gure aireko eremuan zegoen hegazkinari", azaldu du presidenteak.
"Hegazkina Sirian erori zen, baina zati batzuk gure lurretan erori ziren. Horregatik daude bi turkiar zaurituta", adierazi du Erdoganek.