Mundua -

Estatu-kolpea

Mamadou Tandja Nigerreko presidentea boteretik kendu dute kolpistek

Ezegonkortasun handia zegoen Nigerren, Tandjak bere agintaldia luzatzeko erabaki ostean. Bost urteko bi agintaldi ezartzen ditu herrialdeko Konstituzioak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mamadou Tandja Nigerreko presidentea boteretik kendu dute buruzagi kolpistek, Konstituzioa bertan behera utzi dute eta erakunde guztiak desegin dituzte.

Goukoye Abdul Karimou koronelak, Demokrazia Berrezartzeko Kontseilu Goreneko (CSRD) junta militarraren bozeramaileak, komunikatu bat irakurri du Estatuko telebistan.

Mamadou Tandja Nigerreko presidentea eta Gobernuko zenbait kide kolpisten eskuetan izan daitezke. Kolpistek Presidentetzako Jauregiari eraso egin diote 13:00etan (bertako ordutegia), Niameyn. Barruan Ministroen Kontseilua egiten ari ziren eta estatuburua bertan zen.

Metrailadoreen tiro-sortak eta armen tiroak hiru orduz errepikatu dira Presidentetzako Jauregiaren inguruan, eta kea ikus zitekeen.

Osasun zentroetako iturriek jakinarazi dutenez, kolpisten eta presidentearen indarren arteko borroketan biktima ugari izan dira. Biktimen artean zibil batzuk direla azaldu dute iturriek.

Ezegonkortasun handia

Ezegonkortasun handia zen nagusi Nigerren aspalditik, Tandjak bere agintaldia luzatzeko erabaki politikoa hartu zuenetik. Estatuko Konstituzioak bost urteko bi agintaldi ezartzen ditu presidentearentzat eta Tandjak legea aldatzeko erabakia hartu zuen.

Parlamentua desegin zuen presidenteak, ekimenaren kontra egiteagatik, eta Auzitegi Konstituzionaleko kideak kargutik kendu zituen, erreforma legez kanpokotzat jotzeagatik.

Konstituzioaren aldaketa onartzeko erreferenduma egin zuen abuztuan, eta aurrera atera zuen iruzur eta Estatu-kolpe akusazioen artean.

Niger munduko herrialderik txiroenetakoa da. Uranio erreserba handiak ditu iparraldean, baina Frantziako Areva enpresa nuklearrak ustiatzen ditu gehienbat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Niger azken ordukoa