Mundua -
30 urteren ostean
Txinak bi seme-alaba izaten utziko die bikoteei aurrerantzean
Hala, amaitu egingo da seme-alaba bakarraren politika demografikoa. 2013an hasi ziren politika hori malgutzen, bigarren umea edukitzeko salbuespen kopurua handituta.
agentziak | erredakzioa
Txinako Alderdi Komunistak iragarri du "bikote guztiek" bi seme-alaba eduki ahalko dituztela aurrerantzean, 30 urtez "seme-alaba bakarraren politika" bultzatu ostean.
2016-2020 aldirako plan ekonomikoa onartzen duen egun berean egin du iragarpena Txinako Alderdi Komunistak.
2013an hasi ziren politika demografikoa malgutzen, bigarren umea edukitzeko salbuespen kopurua handituta.
Txinako Gobernuak 1979an abiatu zuen "seme-alaba bakarraren politika", jaiotze-tasa txikitu eta gainpopulazioa saihesteko. Izan ere, muga horri esker, Txina ez da 1.700 milioi biztanle izatera heldu (egun 1.300 milioi txinatar bizi dira Asiako herrialde erraldoian).
Xi Jinpingek zuzentzen duen gobernuaren ustez, politika honek herrialdearen eta bereziki hiri handienen garapenari eta aberastasunari mesede egin die. Baina ondorio kaltegarririk ere izan du: biztanleria asko zahartu da, eta egun ekialdeko herrialde garatuenek duten piramide demografikoaren antz handia du Txinakoak.
Azkenaldian, asko ziren Pekinen aldatu beharraz mintzatzen zirenak. Horrenbestez, esperotako neurria zen gaur Txinak hartu duena. Adituek ez zekiten, ordea, Gobernuak noraino malgutu behar zuen legea.