Mundua -
Indarkeria oldea
Hiru lagun hil dituzte Israelen, labanaz egindako lau erasotan
Halaber, dozenaka israeldar zauritu dituzte. Irailean indarkeria oldea hasi zenetik, 26 palestinar eta 6 israeldar hil dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 3 lagun hil eta dozenaka pertsona zauritu dituzte astearte honetan Israelen, labanaz egindako lau erasotan, Yedioth Ahronoth egunkari israeldarrak zabaldu duenez.
Lau eraso horietako bi Jerusalemen gertatu dira, zehazki, Jerusalem ekialdeko Talpiot eta Geula auzoetan. Orotara, hiru israeldar hil eta 17 pertsona zauritu dituzte. Ondoren, Jerusalemgo bi erasotzaileak tiroka hil ditu Poliziak.
Jerusalemgo bi erasoak izan aurretik, beste bi eraso izan dira Israelgo Ra'anana herrian, Tel Aviv hiritik gertu.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak segurtasun kabinetearen premiazko bilera deitu du 15:00etarako. Halaber, azken egunotako indarkeria oldea gaitzetsi du Netanyahuk, eta "labanen terrorismoaren aurrean ere" Israel aterako dela "garaile" esan du. Ildo horretan, jarrera irmoagoa izateko eskatu dio Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari.
Palestina ez dela inori eraso egiten ari eta ez duela inork berari eraso egiterik nahi esan zuen iragan astean Abasek berak, eta musulmanen toki sakratuetatik alde egiteko eskatu zion Israelgo Gobernuari.
Juduen urte berriaren (Rosh Hashana) ospakizunaz geroztik, 6 israeldar eta 26 palestinar hil dituzte.