Mundua -
Immigrazioa
4.000 etorkin baino gehiago erreskatatu dituzte Mediterraneoko uretan
Etorkinak hamabi txalupa pneumatikotan eta zortzi ontzitan zihoazen, eta Siziliako kanaleko uretan, Libiako kostaldetik gertu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Kostazainek 4.343 etorkinen erreskatea koordinatu dute azken orduetan Mediterraneo itsasoko uretan, AGI albiste-agentzia italiarrak jakinarazi duenez. Etorkinak hamabi txalupa pneumatikotan eta zortzi ontzitan zihoazen, Siziliako kanaleko uretan, Libiako kostaldetik gertu.
Ontzi pneumatiko horietako batean emakumezko baten hilotza aurkitu dute, baina oraingoz ez dute argitu heriotza zerk eragin dion.
'Dattilo Cp 940' itsasontziak bi ontziri eskaini die laguntza eta ontzi horietan guztira 1.107 etorkin zeuden. 'Corsi Cp 906' eta Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko 'Bourbon Argos' itsasontziek, berriz, 379 etorkin eta 877 erreskatatu dituzte zazpi ontzitatik.
Bestalde, 'Phoenix' ontziak hiru txalupa pneumatikotan zihoazen 301 pertsonari eman dien laguntza eta merkataritzako ontzi batek, ostera, 228 etorkinez betetako bi ontziri. Halaber, 'Triton' Europako operazioko ontzi batek eta Guardia Di Finanza poliziaren beste ontzi baten artean 442 lagun erreskatatu dituzte.
'Eunavfor Med' dispositiboko bi ontzik erreskate lanetan parte hartu dute: itsasontzi alemaniar batek bi ontzitan zihoazen 380 lagun erreskatatu dituzte eta ontzi alemaniar batek, berriz, beste 370 lagun.
Azkenik, kostazainen eta Italiako Itsas Armadaren artean 229 etorkinei eskaini die laguntza.