Mundua -
ERASOA
Turkiako Armadak PKK-ko 40 miliziano hil ditu gutxienez Iraken
Daglican, Turkia hegoaldean, igandean gerrillari kurduek egindako erasoari emandako erantzuna izan dela esan dute agintari turkiarrek. 16 polizia hil ziren eraso hartan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiako Armadak eraso gogorra egin du bart Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) milizianoen kontra, Irak iparraldean. Daglican, Turkia hegoaldean, igandean gerrillari kurduek egindako erasoari emandako erantzuna izan dela esan dute agintari turkiarrek. 16 polizia hil ziren igandeko erasoan.
Anadolu agentziaren arabera, Turkiako Armadak 130 bonba jaurti ditu Irakeko 20 gunetara, eta, ondorioz, gutxienez 35 miliziano hil dira.
F-16 motako 35 hegazkin eta F-4 motako 18 erabili ditu Turkiako Armadak erasoan. Atzo ekin zioten erasoari, 20:00ak aldera, eta goizaldera arte iraun du.
Batez ere, Kandil mendialdera bideratu du erasoa Armadak, PKK-k kuartelik handienak dituen eskualdera.
Bestalde, gutxienez hamar polizia hil dira eta beste bat larri zauritu, bart, Turkiako Poliziaren autobus bat igarotzen ari zela bonba bat lehertuta. Irango muga inguruan izan da leherketa. CNNTürk hedabidearen arabera, PKKren erasoa izan da.