Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Alemaniak kuota sistemarekin banatuko ditu errefuxiatuak bere lurretan

Mugak zabaltzea erabaki dute Austriak eta Alemaniak, eta milaka errefuxiatu heldu dira azken orduotan bi herrialdeotara.

Errefuxiatuak Grezian. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak Grezian. Argazkia: EFE
8.000 errefuxiatu inguruk Alemaniara heltzea lortu dute

03:59

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka errefuxiatu heldu dira larunbat honetara Alemaniara, Siriatik ihes egin eta hainbat egun Hungarian egon ostean. Guztira, 6.000 bat lagun iritsi dira Alemaniako hainbat hiritara larunbat gaueko lehen orduetarako. Lehenengo tren bereziak Munich hirira heldu dira, eta bertan agintariek egin diete harrera errefuxiatuei. Hainbat herritarrek, gainera, ongietorria emateko kartelak ere eraman dituzte. Bestalde, gutxienez 6.500 pertsonak lortu dute Hungaria utzi eta Austriara heltzea, hainbat eguneko blokeoa gaindituta. Horietako gehinek Alemaniarako bideari jarraitu diote.

Alemaniak Königstein Formula izeneko kuota sistemaren bitartez banatuko ditu bere lurraldean. Sistema horrek 16 estatu federalen diru-sarrerak hartzen ditu aintzat banaketa egiteko. Horren arabera, Ipar Renania- Westfalia lurraldeak jasoko ditu errefuxiatu gehien, eta, ondoren, Bavierak.

1949an sortu zuten sistema hau, ikerketa erakundeen finantzaketaren kuotan banatzeko, eta, ondoren, beste gai batzuetarako ere erabili zian dute. Alemaniako agintariek 5.000-7.000 errefuxiatu artean espero ditu gaurko, Hungariatik iritsitakoak.

Refugiados Alemania EFE

(Errefuxiatuak, Alemaniako Munich hirian. EFE)

Austriako eta Alemaniako mugak

Austriako eta Alemaniako gobernuek mugak irekitzea erabaki dute eta, ondorioz, beren herrialdeetan sartzea eta bertatik igarotzea ahalbidetuko diete errefuxiatuei, salbuespeneko neurri gisa.

Hala iragarri du Werner Faymann Austriako kantzillerrak Viktor Orban Hungariako presidentearekin hitz egin ondoren, APA Austriako albiste agentziak berri eman duenez. Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin adostu du erabakia  Austriako gobernuburuak Hungariako mugako egoerak bultzatuta hartu dutela nabarmendu du Faymannek.

Egunean zehar Hungariatik barrena 10.000 errefuxiatu inguru Austriara heltzea espero zuen bertako Gobernuak. Hala esan du Hans Peter Doskozil Austriako Poliziaren bozeramaile batek.

Hungariako gobernuak 100 autobus ipini ditu errefuxiatuak Hungariatik Austriako mugara garraiatzeko; zehazki, aipaturiko autobusak Budapesteko Keleti tren geltokitik eta M1 autobideko puntu batetik abiatu dira. Izan ere, trenez Austriara joateko modurik ez zutela ikusita, M1 autobidean barrena oinez hasi zuten ibilbidea ehunka errefuxiatuk.

Kooperazioa bost neurritan indartuko du EBk, errefuxiatuak babesteko

Errefuxiatuak babestu ahal izateko, kooperazioa bost neurritan indartzea adostu du larunbat honetan Europar Batasunak. Izan ere, Europar Batasuneko Atzerri ministroek bilera egin dute larunbat honetan, errefuxiatuen krisia mahai gainean zutela, eta hainbat neurri adostu dituzte.

"Bukatu da bata besteari errua botatzeko jokoa, eta heldu da neurriak hartzeko garaia’’, esan du Federica Mogherini EBko diplomazia buruak, bi eguneko bilera-sortaren ostean.

Mogherinik azaldu duenez, bost konpromiso hauek hartu dituzte herrialdeek: beharra duten pertsonei babesa ziurtatzea, egoera kudeatzea giza eskubideak erabat errespetatu daitezen, jatorrizko eta igarotze herrialdeekiko elkartasuna indartzea, pertsonak berriz onartuak izateko eta jatorrizko herrialdeetara itzultzeko akordioak jorratzea, eta errefuxiatuen migrazioaren arrazoiak lantzea.

Europako Atzerri ministroek elkartasuna eta konponbide bateratua eskatu zuten atzo errefuxiatuen krisiari aurre egiteko. Errefuxiatuen auzia bilerako gai-ordenan ez bazegoen ere, Atzerri ministroek hizpide izan zuten egoeraren larritasuna dela eta. Datorren astean errefuxiatuen banaketari buruzko proposamena egingo die Europar Batzordeak Europako herrialdeei; alabaina, 120.000 errefuxiatu inguru iritsi dira Hungariara, Greziara eta Italiara.

Txekiar Errepublikako, Eslovakiako, Poloniako eta Hungariako gobernuburuek ebazpen bat adostu zuten atzo eta errefuxiatuak hartzeko kuoten ezarpena onartezina dela adierazi zuten. Dena den, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko elkartasunez aritzearen alde mintzatu dira.

Jaioberri baten hilotza aurkitu dute

Greziako kostazainek haur jaioberri baten hilotza aurkitu dute larunbat honetan Agatonisi irlako kostaldean. Gurasoak ontzi batean iritsi dira bertara, Turkiatik.

Hungariak Armada igorri nahi du Serbiako mugara

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, bestalde, iragarri du Armada bidaliko dutela hegoaldeko mugara irailaren 15etik aurrera, bertako Parlamentuak neurria onartzen baldin badu.

Mobilizazioak

Bestalde, munduko beste tokitan bezala, gizartea mobilizatzen hasia da Euskal Herrian; esate baterako, errefuxiatuen aldeko manifestazioa egin dute gaur Iruñean.

Gaur bertan, ehunka lagun bildu dira Iruñean, errefuxiatuen krisiaren kontra protesta egiteko. SOS Arrazakeriak, Amnistia Internazionalak eta Papeles Denontzat elkarteek deitu dute protesta, "Ongi etorri errefuxiatuak", lelopean.

Bestea beste, "Inor ez da legez kanpokoa", "Lotsa-horma gehiagorik ez" eta "Bertokoak edo atzerritarrak, denak langile" oihuak entzun dira.

Concentración Pamplona refugiados EFE

(Iruñeko protesta. Argazkia: EFE)

Horren harian, Eusko Jaurlaritzak lantaldea osatu du errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, eta Nafarroako Gobernua errefuxiatuak hartzeko prest azaldu da. Horrekin batera, errefuxiatuen krisiaren aurrean ekimenak iragarri dituzte hirik, tartean Gasteizek, Iruñeak, Donostiak eta Bilbok.

Eibarrek ACNURrentzako dirua bilduko du Atleticoren aurkako partidan

Eibar-Atletico Madril partidan salduko den sarrera bakoitzak ACNURrentzako 5 euro balio izango du talde armaginak jakitera eman duenez.

Errefuxiatuak haren etxean hartzeko prest agertu da Finlandiako lehen ministroa

Asiloa eskatzen duten errefuxiatuak haren etxean hartzeko prest agertu da Juha Sipila Finlandiako lehen ministroa eta, aldi berean, errefuxiatuei elkartasuna helarazteko deia egin die finlandiarrei. Sipila Henlsinki hiriburuan bizi da eta Finlandia iparraldeko Kempele hiriko egoitza eskaini die errefuxiatuei. Europar Batasunak bultzatutako kuoten egitasmoak "borondatezkoa" izan behar duela esan du, baina Finlandiak eredu izan behar duela nabarmendu du.

"Ispilura begiratu eta nola lagun dezakegun galdetu behar diogu geure buruari", adierazi du YLE Finlandiako telebistari egindako adierazpenetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Albisteak migrazioa gaur Alemania bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Errefuxiatuak Austria azken ordukoa Hungaria Zer gertatu da gaur Varsovian? Eslovakia albisteak