Mundua -
Errefuxiatuak
Errefuxiatu oldeak kaosa eragin du Budapesteko tren geltokian
Budapestetik irten diren trenak Austriako mugan edo Bicske herrian gelditu dituzte. Bertan, errefuxiatuak kanpalekuetara eramaten ari dira.
agentziak | erredakzioa
Hungariako Poliziak Budapesteko Keleti tren geltokiko sarreratik alde egin du, eta atarian zain zeuden dozenaka errefuxiatu korrika sartu dira.
Hungariako segurtasun indarrek blokeatuta zuten geltokiko sarrera asteartetik, eta errefuxiatuek kanpalekuak altxatu zituzten horren inguruan, herrialdetik irten eta Europa mendebalderago joateko asmoz.
Ostegun goizean, Keleti Budapesteko tren geltoki nagusitik errefuxiatuz beterik irten diren trenak Austriako mugan edo hiriburuaren hegoaldean dagoen Bicske herrian gelditu dira. Etorkinak trenetik jaitsarazi eta harrera kanpalekuetara eraman dituzte, MTI berri agentziak zabaldu duenez.
Poliziak errefuxiatu guztiak jaitsarazi eta autobusetan sartzen dituzte, harrera kanpalekuetara arte. Hala ere, zenbait etorkin protestaka hasi dira, ez dutelako kanpamentuetara joan nahi.
Errefuxiatuen gehiengo zabalak ez du Hungarian geratu nahi, eta herrialde aberatsagoetara joan nahi du, Austriara edo Alemaniara, adibidez.
Errefuxiatu andana iritsi da Hungariara azkenaldian, eta horrek sortutako krisia izango dute hizpide gaur Bruselan, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak eta Europar Batasuneko goi agintariek egingo duten bileran.
2.061 errefuxiatu, atzo
Bestalde, Hungariako Poliziak jakinarazi du atzo 2.061 errefuxiatu atzeman zituztela, 353 adingabe tartean, eta 9 lagunen kontrako prozesua abiatu dutela, pertsonen trafikoa leporatuta.
Budapesteko Parlamentuan gaur hasiko dira eztabaidatzen Gobernuak immigrazioarekin lotutako legedia gogortzeko aurkeztu dituen lege proiektuak.
Lege horiekin, hiru urte arteko kartzela-zigorrak ezarriko dizkiete muga legez kanpo igarotzen dutenei, igarobide itxiak sortuko dituzte mugan, eta Armada erabili ahal izango dute muga zaintzeko.
Mobilizazioak
Herritar asko ez daude neurri horien alde, eta atzo milaka hungariar atera ziren kalera, Viktor Orban kontserbadorea buru duen Gobernuaren asmoak salatzeko.
Beranduen jota, datorren astean onartuko ditu Gobernuak lege berriak.