Mundua -
Aurten
310.000 errefuxiatutik gora Mediterraneoa zeharkatzen lortu dute
Gainera, 2.500 lagunetik gora hil dira azken zortzi hilabeteetan Mediterraneoa igarotzeko eta Europara iristeko bidean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
310.000 etorkin eta errefuxiatu baino gehiagok Mediterraneoa zeharkatzen eta Europara heltzen lortu dute azken zortzi hilabeteetan, Nazio Batuen Erakundearen eta OIM Migrazioentzako Nazioarteko Erakundearen arabera.
Joe Millman OIMeko bozeramaileak zehaztu duenez, ostegunera arte, 209.457 etorkin lehorreratu dituzte Greziako uharteetan; 111.197 etorkin Italian; 2.166 Espainian; eta 94, berriz, Maltan (323.000 guztira).
ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak, ordea, 310.000 etorkin zenbatu ditu. OIMek egindako zenbaketa handiagoa da beraz. Izan ere, Nazio Batuena "gutxienekotzat" jo dute, Gobernuek eskainitako datuetan oinarritzen baita.
2014an 219.000 lagunek zeharkatu zuten Mediterraneoa. Horrek agerian uzten du fenomeno hori areagotzen ari dela.
Bestalde, hildakoei dagokienez, 2.500 errefuxiatu baino gehiago hil dira aurten, Mediterraneoa igarotzeko erabiltako hainbat bidetan.
Mediterraneoan izandako azken tragedia Libiatik gertu jazo da. Ezbehar horretan, gutxienez 200 lagun hil dira.
Biderik arriskutsuena izan arren, Libiaren eta Italiaren arteko ibilbideari eusten diotela erakusten dute hondoratze horiek. Etorkin-trafikatzaileak eskrupulurik gabe aritzen dira, eta topera betetzen dituzte ontzi ahulak.