Mundua -

Viena

Neurri zehatzik gabe bukatu da migrazioaren inguruko goi-bilera

Angela Merkelek arazoa "elkartasun handiagoarekin" konpontzeko deia egin du.

Mazedonia errefuxiatuak
Mazedonia errefuxiatuak
Akordiorik gabe amaitu da Vienako bilera

1:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel eta Werner Faymann Alemania eta Austriako Gobernu-buruek deitu dute "elkartasun handiagoa erabiliz" konpontzeko Europara iristen ari diren errefuxiatuen krisia.

Hala, goi-bilera neurri zehatzik adostu gabe amaitu da, baina agerian geratu dira korridore diren herrialdeek (Mazedonia eta Serbia) eta helburu direnek (Alemania, Austria eta Italia) ikuspuntu eta lehentasun desberdinak dituztela.

Mazedoniak eta Serbiak diru gehiago eskatu dute krisiari aurre egiteko, baina Alemaniak eta Austriak errefuxiatuen banaketa justuago batean jarri duten arreta.

"Nire iritziz, Europak, kontinente aberatsa izanik, arazoa konpontzeko gaitasuna du", esan du Merkelek, prentsaurrekoan, galdetu diotenean gatazketatik ihes egin eta babesa eta bizitza segurua nahi duten lagunen helduera masiboaren gainean.

Bere aldetik, Faymanek nabarmendu zuen beharrezkoa dela banaketa bidezkoa adostea, "loturapeko kuotarekin", Europar Batasuneko kideen artean, errefuxiatuen kopuruari dagokionez.

Alemaniako Gobernuko burua asaldatuta azaldu zen, gaur bertan Austrian gertatutakoaz (gutxienez ustezko 20 errefuxiatu topatu dituzte hilik kamioi frigorifiko batean). "Lagun horiek segurtasun eta babes handiagoaren bila abiatu ziren, eta era lazgarrian hil dira", esan du. Merkelek gogor kritikatu ditu gainerakoen bizitza "euren onuragatik, bakarrik" jokoan jartzen dutenak.

"Gertakari lazgarri honen aurrean, argi dago immigrazioaren arazoa azkar konpondu behar dugula, eta Europako izpiritua erabiliz, hau da, elkartasuna erabiliz", gehitu du; halaber, Merkelek gogorarazi du II. Mundu Gerra amaitu zenetik inoiz ez dela egon egun bezalako errefuxiatu-kopururik nazioarte-mailan.

Kantzillerrak dioenez, Europak, "duen esperientzia historikoarengatik", errefuxiatuei laguntza eta babesa eman behar dizkie. Arazoari aurre egiteko, elkartasuna nagusitu behar da, azpimarratu du, "ez batzuk besteen aurka, baizik eta denok batera, irtenbidea bilatzea xede".

Gaur egungo erronken oroigarria

Federica Mogherini Kanpo Politikarako Europar Batasunaren arduradunak, bere aldetik, esan du gaur Austrian bizitakoak Europak aurrean dituen erronken oroigarria dela.

"Behar morala eta legala dugu, errefuxiatuak babesteko", nabarmendu du Mogherinik: "Ikuspegi europarra behar dugu, pertsona hauen heldueraren aurrean, ezin dugu orain arte jarraitu, minutuko bateko isiluneak egiten, jendea hiltzen ikusten dugun bakoitzean".

Funtzionarioak gehitu du proposamen berrietan ari direla lanean, eta ondorengoak aipatu ditu: zerrenda komuna egitea, seguruak diren jatorrizko herrialdeek osatuta, eta kokatzeko prozedura bat.

Goi bilera, Vienan

Europan bizi den migrazio krisia eztabaidagai dute gaur Vienan egiten ari diren goi bileran.

Milaka dira Siria, Irak edota Afganistanetik ihesi Europar Batasunera, Schengen eremura, iritsi nahi dutenak. Hungaria da EBrako atea eta, horregatik, azken orduetan arreta puntu nagusia Serbia eta Hungaria arteko mugan jarrita dago.

Handik, errefuxiatuak Austriara doaz eta, ondoren, Europako iparraldera, Alemania eta Suediara gehienak.

Hungariako Gobernu ultrakontserbadoreak metro erdiko altuera duen hesia jarrita dauka mugan eta polizia ugari lanean ari dira  etorkinen sarrera saihesteko. Azken 24 ordutan 2.500 lagun inguru atzeman ditu poliziak.

Horregatik, mendebaldeko Balkanetako egoeran oinarrituko da gaurko goi bilera, eta bertan izango dira, besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra edota Federica Mogerini Europar Batasuneko Atzerri politikarako arduraduna.

Gaurko bileraren harira, Sebastian Kurz Austriako Kanpo Harremanetarako ministroak bost puntuko plan bat aurkeztu du.

Sirian, Iraken edota Libian jihadismoaren aurkako borroka indartzea proposatu du Austriak, baita gatazka guneetan babes-gunean sortzea ere.

Europar Batasuneko mugetan babesa indartzea edota etorkinak banatzeko kuota sistema berria lantzea ere eskatuko du Austriako ministroak.

Bitartean, Serbiak eta Mazedoniak diru-laguntza gehiago eskatu dizkiote Europar Batasunari, errefuxiatuen iritsiera kudeatu ahal izateko.

Alemania, Austria edo Italiak, bien bitartean, Europar Batasunean sartzen diren errefuxiatuak banatzeko sistema justuagoa eskatuko dute.

Aurten bakarrik, 800.000 asilo eskaera espero ditu Alemaniak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Gerra Siria Migrazioa Europa Europa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Siria albisteak gaur