Mundua -
Immigrazioaren drama
25 pertsona hil dira Libian, errefuxiatu ontzi bat hondoratuta
400 inguru erreskatatu dituzte orain arte. Orotara 600 inguru zihoazen itsasontzian. Gaur bertan, beste salbamendu bat egin dute: 381 atera dituzte itsasotik, horien artean 55 emakumezko eta 26 haur.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka etorkin Italiara zeramatzan ontzi bat irauli egin zen atzo Libiako kostaldetik milia gutxira. Gutxienez 25 gorpu uretatik atera dituzte dagoeneko, Kostazainen iturriek baieztatu dutenez. Iturri beren arabera, 400 bat etorkin bizirik erreskatatu zituzten.
Besteak beste, Italiako Itsas Armadako eta Tritoi operazioaren ontziak eta Dignity I Mugarik Gabeko Medikuen ontzia parte hartzen ari dira.
Libiako kostaldetik 15 miliara (24 bat kilometro) gertatu zen ezbeharra, arratsaldeko lehen orduan. Cataniako (Sizilia) egoitzaren abisua jaso zuen asteazken arratsaldean Erromako Kostazainen Zentroak. Siziliako Kanalean arazoak zituen ontzi baten berri eman zuen Cataniako egoitzak.
Antza denez, larrialdi zerbitzuak heldu zirenean etorkinak ontziaren alde batean pilatu ziren eta patera irauli egin zen. Ondorioz, errefuxiatuak uretara erori ziren.
Gaur bertan (osteguna) espero da iristea Palermoko portura (Italia) 400 erreskatatuak eta hildako 25 norbanakoen gorpuak daramatzan itsasontzia.
Aurten 2.000 pertsona hil dira Mediterraneoa gurutzatzeko saiakeran, Migraziorako Nazioarteko Erakundeak asteartean jakitera eman zuenez.
Beste erreskate bat, gaur (osteguna)
Libiako kostaldetik atera eta gabarra baten barruan bidaiatzen zebiltzan beste 381 immigrante salbatu dituzte gaur bertan; bidaiarien artean 55 emakumezko eta 26 haur zeuden.
Aipatutako 381 immigranteen erreskatea Libiako kostaldearen iparraldetik 30 itsas miliatara (48 kilometro inguru) gertatu da. Handik zebilen "Fiorillo" itsasontzia, atzoko ezbeharretik bizirik atera ahal izan direnak bilatzeko asmoz.