Mundua -
Bonbardaketak
PKKren eta EIaren aurkako hirugarren eraso-bolada iragarri du Turkiak
Turkiako segurtasun indarrek 590 lagun atxilotu dituzte azken bi egunotan, tartean 37 atzerritar gutxienez, talde terroristekin lotura dutelakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Sirian Estatu Islamikoaren aurka eta Irakeko iparraldean PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kontrako eraso berriak prestatzen ari dela iragarri du Turkiako lehen ministro Ahmet Davutogluk.
"Sirian hirugarren eraso-bolada eta Iraken bigarren eraso-bolada abiatzeko argibideak eman ditugu. Operazio horiek airetik eta lurretik egingo dira. Inork ezin du gure sendotasunaz duda egin", esan du Davutogluk NTV telebista-kateak zuzenean emititutako prentsaurrekoan.
Hala ere, ehen ministroak ez du operazio horien gaineko xehetasunik eskaini.
Hiru bonba-auto
Bestalde, Estatu Islamikoaren talde jihadistak hiru bona-auto lehertu ditu hainbat objektibo kurduren aurka, Sirian, Turkiako mugatik gertu. Hala ere, ez dira biktimarik izan, Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiak esan duenez.
Ia 600 atxilotu
Turkiako segurtasun indarrek 590 lagun atxilotu ditu azken bi egunotan, tartean gutxienez 37 atzerritar, talde terroristekin lotura dutelakoan, lehen ministroak jakinarazi duenez. Dirudienez, susmagarriek lotura dute bai PKKrekin baita Estatu Islamikoarekin ere.
Larunbat honetan hainbat polizia-operazio abiarazi dituzte Istanbulen, Adanan, Adayamanen, Esmirnan, Konyan, Ankaran, Manisa Kocaelin, Tuncelin, Erzincanen eta Sanliurfan.
Erasoak larunbat honetan hasi dira
Gauzak horrela, Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak aire bidezko eta lurreko erasoaldiak baieztatu ditu larunbat honetan Irakeko iparraldean, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) eta Estatu Islamikoaren (EI) aurka, Reuters agentziak jakitera eman duenez.
Ohar baten bidez, lehen ministroaren bulegoak adierazi du gauen zehar Siriako iparraldean ere PKKren eta EIren posizioak lurretik eraso dituztela aldi berean.
Ekintza horiek Turkia Estatu Islamikoak Sirian dituen kanpalekuen aurka aire bidez erasotzen ari dela ezagutarazi eta egun bat geroago izan dira. Horrez gain, Turkiako Gobernuak azaldu du AEBekin batera lankidetzan jardungo duela miliziaren kontra, horrenbestez, bere lurraldetik bonbardaketak egiteko baimena emango die Amerikako Estatu Batuei.
Turkiak Siriaren aurkako erasoak justifikatu ditu
Bestalde, Turkiako Gobernuak Sirian Estatu Islamikoaren posizioen aurka gauzatutako airezko erasoaldiak justifikatu ditu, Nazioa Batuei igorritako gutun baten bidez. Eskutitz horretan, Siriako Gobernuari leporatzen dio milizia jihadistari aurre egiteko gai ez izatea.
Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiari bidalitako eskutitzean, Turkiak bere erabakia justifikatu du Nazio Batuen Gutuneko 51. artikuluari aipamena eginez. Aipatu artikuluan, eraso armatu baten aurrean norbere burua defendatzeko eskubide indibidualari edo kolektiboari buruz hitz egiten da.
"Siria leku segurua bilakatu da Estatu Islamikoarentzat. Siriako lurraldea entrenamenduetarako, planak egiteko, finantzaketarako eta mugetan barrena erasoak egiteko erabiltzen da", kritikatu du Levent Eler-ek, Turkiak Nazio Batuen aurrean duen enbaxadore laguntzaileak.
Tregoak "dagoeneko ez du zentzurik"
PKK alderdiak, bere aldetik, bere webgune ofizialean egindako adierazpen batzuetan azaldu du duela hiru urtetik hona Ankarako Gobernuarekin hitzartuta zeukan su-etenak jada ez duela zentzurik, Turkiako armada azken orduetan euren posizioen aurka egiten ari den aire bidezko erasoen aurrean.