Mundua -
Estatu Islamikoa
Baseak utziko dizkio Turkiak Estatu Islamikoaren aurkako koalizioari
Honenbestez, Estatu Islamikoari eraso egiteko AEBetako hegazkinei Incirlikeko basea (Turkiako hego-ekialdea) utziko die Ankarak. Bi estatuen arteko eztabaidak luze jo du akordioa lortu arte.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoa erakunde jihadsitaren aurkako koalizioaren hegazkinei bere baseak utziko dizkio Turkiak, Atzerri Ministerioak gaur agiri batean baieztatu duenez.
“Estatu Islamikoaren aurka borroka egiten ari den Koalizioaren aireko indarrek gure herriko baseak erabili ahal izatea onartu dugu, beti ere AEBen eta gure oniritziarekin bada”, azaldu du agiriak.
Honenbestez, Estatu Islamikoari eraso egiteko AEBetako hegazkinei Incirlikeko basea (Turkiako hego-ekialdea) utziko die Ankarak. Bi estatuen arteko eztabaidak luze jo du akordioa lortu arte.
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako homologoak asteazkenean telefonoz hitz egin ondoren, akordioa ministerioek zehaztu dutela erantsi du agiriak.
Gainera, Estatu Islamikoaren aurkako erasoetan “Turkiako Aireko Armadaren hegazkinek parte hartuko dute”, gaineratu duenez.
Horrela, goizean Turkiako ehiza-hegazkinek Estatu Islamikoaren kontrako erasoa egin dute Sirian. Zentzu horretan, “Nazio Batuen Gutuneko 51. artikuluak” defentsa eskubidea aitortzen duela gogorarazi du Ankarak.
Turkiak ez du Nazioarteko koalizioaren bonbardaketetan parte hartu orain arte. Jihadisten aurkako bonbardaketak iragan udan hasi ziren Sirian eta Iraken.
Osteguneko eraso jihadistaren ondoren
Estatu Islamikoaren aurkako presioa gehiago areagotzeko beste pauso bat izan da gaurko erabakia. Talde jihadista batek kamioneta bati eraso egin zion ostegunean, Turkia eta Siria arteko mugan, Kiliseko probintzian. Erasoan ofizial bat hil eta bi sarjentu zauritu zituzten.
Artilleriarekin eta aireko bonbardaketekin erantzun zuen Turkiako Armadak. Gutxienez bederatzi militante islamista akabatu zituen Sirian, Giza Eskubideen Siriako Behatokian jakinarazi zuenez.