Mundua -
Yemen
57 lagun hil dira Yemenen, hutiek egindako bonbardaketa batean
Halaber, 220 pertsona zauritu dira erasoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 57 lagun hil eta beste 220 zauritu dira Yemenen, hutiek Aden hirian -hegoaldeko hiririk garrantzitsuena- egindako bonbardaketa batean, Yemeneko erbesteko gobernuak salatu duenez. Ostiralean agintariek iragarri zuten hutiak hiritik kanporatzea lortu zutela.
Hildakoen artean 12 haur eta 6 emakume daude, Al Jedr Lasur Aden hiriko osasun bulegoko zuzendariak emandako datuen arabera.
Azken orduotan liskarrak izan dira Gobernuaren aldeko indarren eta hutien artean Aden hiriko Dar el Saad, Sabr, Maashiq eta Crater auzoetan.
Abdo Rabbu Mansur Hadi Yemengo Gobernu presidentearen aldeko indarrek hainbat gune estrategiko berreskuratzea lortu dute azken egunotan, Saudi Arabiak gidatutako nazioarteko koalizioaren laguntzari esker. Berreskuratu duten gune horietako bat Adengo aireportua da.
Saudi Arabiak eta horren aliatuek trebatutako militarrak sartu dira borrokan eta horri esker Yemengo presidentearen aldeko indarrek aurrera egitea erdietsi dute.