Mundua -
Ondarearen hondamena
Estatu Islamikoak Ramadiko Estadio Olinpikoa suntsitu du Iraken
Horretarako, 3,5 tona lehergai erabili ditu. Gerraren amaieraz geroztik, Irakeko etorkizunaren sinboloetako bat zen estadio hura.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak Ramadiko Estadio Olinpikoa hondatu du Anbarreko probintzian, Iraken, 3,5 tona lehergai erabilita, 'Elaph' komunikabideari segurtasun-indarrek jakinarazi diotenez.
Iturri horren arabera, milizianoek egunak eman zituzten lehergaiak prestatzen, eta ondoren, urrutiko kontrolaren bidez eztanda egin zituzten. Estadioa oraindik amaitu gabe zegoen, eta 30.000 lagun hartzeko aurreikusita zegoen.
Ramadi hiria mendean hartzeko ahalegin handiak egiten ari da Estatu Islamikoa, eta ondareen suntsipenari ekin dio, hiriko hainbat puntutan lehergaiak jarrita.
Etorkizunaren sinboloa
Gerraren amaieraz geroztik eta Estatu Islamikoa agertu baino lehen, Irakeko etorkizunaren sinboloetako bat zen estadio hura.
Proiektuak 100 milioi dolarreko kostua zuen, eta hainbat egoitzaren eraikitzea hartzen zuen, tartean, atletentzako etxebizitzak, entrenamendurako pistak, aparkalekuak, liburutegiak, telebista-seinalea igortzeko zentroa eta 80 logelako hotel bat.