Mundua -
Astelehen honetan
Ireki dituzte bankuak Grezian, baina kapital kontrolari eutsiz
Greziarrek egunean 60 euro atera ahal izango dituzte kutxazainetatik, baina astean behin eta aldi batean 420 euro ateratzeko aukera ere izango da. Bestalde, Grezia hasi da bere zorra ordaintzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Greziak eta euroguneak aurreko astean erdietsitako akordioaren ondotik, Greziako bankuek ireki dituzte dagoeneko ateak, murrizketa askorekin bada ere. Gainera, gaur bertan estreinatuko da Greziako Gobernu berria Syriza barruan izandako diferentzien ondoren.
Hogei egun baino gehiago itxita egon ondoren, jadanik zabaldu dituzte ateak Greziako bankuek. Hala, greziarrek leihatilan kuotak edota era guztietako kredituak ordaindu ahal izango dituzte, esaterako, Estatuarekiko, enpresa publikoekiko, Estatuko pentsio funtsekiko edo seguru pribatuekiko zorrak.
Banketxeen irekierak, ordea, ez du esan nahi ezarritako muga guztiak bertan behera geratuko direnik. Kutxazain automatikoetatik 60 euro esku-dirutan ateratzeko muga bere horretan mantenduko da, baina posible izango da astean behin eta aldi batean 420 euro ateratzea.
Greziarrek beste hainbat operazio egiteko aukera izango dute; hala nola, eperako gordailuetatik eta kutxa gotorretatik diru ateratzeko eta txekeak kobratzeko, baita kobratzeko epea bankuak itxita zeuden garaian amaitu zen kasuetan ere.
Atzerrira egin daitezkeen transferentzien mugak bere horretan jarraituko du, baina seme-alabak atzerrian ikasten dituzten gurasoek hiruhileko 5.000 euro bidal ahal izango dizkiete eta mediku gastuak dituztenek, ostera, 2.000 euro arte erabili ahal izango dituzte.
4.200 milioi EBZri
Bestalde, Greziako Finantza Ministerioko funtzionarioek Reuters agentziari adierazi diotenez, Grezia dagoeneko hasi da zorraren zati bat ordaintzen hartzekodunei. Eurogunetik 7.000 milioi euro jaso ostean, Greziak diru hori berehalako premiak estaltzeko erabiliko du, tartean, Europako Banku Zentralari (EBZ) 4.200 milioi euro itzultzeko -3.500 milioi eta beste 700 milioi interesetan-.
Halaber, Eurogunetik jasotako zuzkidura hori Nazioarteko Diru Funtsari ekainaren 30a baino lehen ordaindu behar zizkion 1.500 milioi euroak ordaintzeko ere erabiliko du Greziak. Kopuru horri beste 500 miloi gehitu behar zaizkio, interesei dagozkienak.
Neurri berriak martxan
Greziako Parlamentuak Europak eskatutako lehen neurriak onartu ditu eta euroguneak begi onez hartu du. Hala ere, horrek ondorioak izan ditu Greziako Gobernuan eta akordioaren nondik norakoen kontra agertu diren ministroak kanporatu ditu Alexis Tsiprasek.
Gaur hasiko du bere ibilbidea Greziako Gobernu berriak. Tsiprasek argi utzi du bere lehentasuna hirugarren erreskatea negoziatzea dela eta, horregatik, ez du hori oztopatuko duen inor nahi gobernu taldean.
Zenbait iturriren arabera, hirugarren erreskatea hitzartu eta gero Tsiprasek hauteskundeak deituko ditu. Are gehiago, Nikos Vutsis Greziako Barne ministroak iradoki du irailean edota urrian izan daitezkeela hauteskundeak.
Bestalde, Atenasek bere konpromisoa erakutsi nahi dio Europari eta gaur bertan sartuko dira indarrean BEZari buruzko aldaketak.