Mundua -

Uztailaren 5eko referenduma

Tsipras: 'Ez da Europari ezetz esatea, xantaiari bizkar ematea baizik'

Igandeko erreferendumari begira, azken inkestek garaipen estua iragartzen diote baietzaren aldekoei.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandeko erreferendumean "ezetz" bozkatzeko eskatu du gaur ere Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, eta azpimarratu du "ezezko" botoa ez dela Europari "ez" esatea, "xantaiari" bizkar ematea baizik.

"Denek uler dezatela. Jokoan dagoena ez da Grezia eurogunetik atera ala ez erabakitzea, proposatu diguten akordio ez jasangarria 'xantaiapean' onartzeko prest gauden ala ez ebaztea baizik", adierazi du Greziako lehen ministroak herritarrei zuzendutako telebistako hitzaldian.

Ildo horretan, atzo Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) argitaratutako txostena izan du hizpide, zeinaren arabera, Greziarentzako irtenbide bakarra zorraren %30a "barkatzea" eta 20 urteko "graziako aldia" ezartzea den. "Hartzekodunek ez zuten inoiz aukera hori mahai gainean jarri negoziazioetan", gaineratu du Tsiprasek.

Lasaitasunez botoa emateko eta bozketa prozesuan bestearen iritzia errespetatzeko dei egin du Tsiprasek.

"Astelehenean denok batuta egongo gara. Ezetza ez da Europari ezetz esatea. Ultimatumei, xantaiei eta zatiketari ezetz esateko dei egiten dizuet. Eman dezagun botoa lasaitasunez eta argumentuak erabilita, ez gaitzespenekin", gaineratu du.

Igandeko erreferendumari begira, azken inkestek garaipen estua iragartzen diote baietzaren aldekoei. Inkesten arabera, hiritarren % 44,8 baietzaren alde daude eta % 43,3, ostera, kontra. Bien bitartean, oraindik botoa erabaki gabe dutenen portzentajea % 11,8koa da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Munduko azken ordukoa Europa bideoak NDF berriak Grezia Eguneko albisteak Eguneko albisteak