Mundua -

Krisia Grezian

Referendumeko emaitza errespetatuko duela adierazi du Tsiprasek

Bere “aulkia nazioaren interesen” gainetik jartzen ez duela esan du Greziako lehen ministroak. Bestalde, Greziako zorra “jasangaitza” dela azaldu du NDFk.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandeko referendumean ‘baiezkoak’ irabazten baldin badu emaitza errespetatuko duela adierazi du gaur Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak. Gainera, dimisioa eman dezakeela iradoki du Tsiprasek.

“Emaitza baiezkoa bada akordio jasangaitz bat izango dugu. Bata ala bestea izan, emaitza errespetatuko dut eta Konstituzioan aurreikusitako prozedurak martxan jarriko ditut”, esan du Tsiprasek Antena telebistan. Bere “aulkia nazioaren interesen” gainetik jartzen ez duela gaineratu du.

Bestalde, 2015etik 2018ra bitartean Greziak 50.000 milioi euro beharko dituela esan du gaur Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Honenbestez, nazioarteko hartzekodunek aurkeztutako egitasmoarekin ere 36.000 milioi euro gehiago beharko lituzke Greziak zorrari aurre egiteko.

Zor “jasangaitza”

Greziaren zorra “jasangaitza” dela azaldu du NDFk txosten batean. Tsipras Gobernura heldu denetik egoerak okerrera egin duela ohartarazi du erakundeak. NDFren ahotan, Exekutibo berriak zerga helburuak jaitsi eta egiturazko erreformen aplikazioa moteldu du.

Horrela gauzak, NDFren txostenak Atenaseko Exekutiboari arrazoia ematen diola uste du Gavrill Sakelaridis Greziako Gobernuaren bozeramaileak.

“NDFren gaurko txostenak arrazoi osoa ematen dio Greziako Gobernuari; izan ere, zorra jasangaitza dela dio. Ondorioz, hartzekodunekin adosten dugu edozein akordiok zorraren berregituraketa bat barneratu behar du”, ziurtatu du Sakelaridisek.

Manifestazio Grezian efe

EBko bandera bati su eman diote manifestazio batean, Atenasen. Argazkia: EFE

Akordioa baldin badago bankuek asteartean zabalduko dutela ziurtatu du Varoufakisek

Greziaren eta hartzekodunen arteko akordioa baldin badago bankuek asteartean berriro zabalduko dutela ziurtatu du Yanis Varoufakis Ekonomia ministroak.

Bankuek berriz zabalduko dute “noski”, adierazi du Varoufakisek Ministeriotik atera denean. ‘Corralito’a iragan astelehenean indarrean sartu zen eta uztailaren 7ra arte bankuak itxita egongo dira.

Erakundeekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) akordio batera heldu ondoren bankuek asteartean berriro ateak zabalduko dituztela zehaztu du Ekonomia ministroak. Horrela, akordioa egintzat eman du Varoufakisek, “ziur”.

Protestak Grezian efe

Manifestarien eta Poliziaren arteko istiluak Atenasen. Argazkia: EFE

Hiru manifestazio Atenasen

Milaka manifestari bildu dira gaur Atenaseko erdialdean. Referendumaren aldeko eta kontrako manifestazioak izan dira Greziako hiriburuan.

Poliziaren arabera, alderdi komunistako (KKE) 5.000-6.000, Antarsya ezkerreko kolektiboaren 1.200 bat eta Yorgos Papandreu lehen ministro ohiaren Mugimendu Sozialista Demokratikoaren 1.000 bat jarraitzaile bildu dira hiru manifestazio ezberdinetan.

‘Ezezkoaren’ aldeko ekitaldia ostiral honetan, Madrilen

Azkenik, Izquierda Unidak, Podemosek eta ezkerreko beste alderdi batzuek ekitaldia egingo dute ostiral honetan, Madrilen, Greziako referendumean nazioarteko hartzekodunen proposamena errefusatzea babesteko. Ekitaldia Juan Diego Botto aktoreak aurkeztuko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Zer gertatzen da munduan? Europar Batasuna NDF argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak EBZ Greziako albisteak