Mundua -
NB-n Errefuxiatu Agentzia
60 milioi errefuxiatu daude munduan, gatazkek eraginda
Siriako Gerra da errefuxiatu gehien eragin duen gatazka; 3,8 milioi lagunek alde egin behar izan dute euren jaioterritik herrialde horretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
60 milioi lagunek alde egin behar izan dute euren etxeetatik munduan, gatazkek edota gerrek eraginda. Errefuxiatuen erdia baino gehiago adin txikikoak dira. Behar humanitarioak etengabe goraka doazen bitartean, horiei aurre egiteko bitartekoak geroz eta txikiagoak dira. Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziak eman ditu datuok gaur.
"Mundua gerran murgilduta dago. Herrialde askotan kaosa erabatekoa da. Agentzia humanitarioek ez dute ez ahalmenik ez bitartekorik errefuxiatuen eta desplazatuen beharrei aurre egiteko. Hori da arazoa", esan du komunikabideen aurrean Antonio Guterres Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziako ordezkariak.
Behartutako desplazamenduen inguruko urteko txostena aurkeztu du gaur nazioarteko agentziak. Inoizko daturik larrienak jaso zituzten iaz.
'Mundua Gerran' izenburua du aurkeztu duten txostenak. Behartutako desplazamenduak munduko hainbat herrialdetan geroz eta gehiago direla jaso dute bertan; 2014an 59,5 milioi lagunek utzi behar izan zuten euren jaioterria, gatazkaren baten ondorioz. 2013an 51,2 milioi izan ziren etxetik aldegitera behartuta egon ziren herritarrak, eta duela hamar urte, 37,5 milioi.
Arazoa geroz eta larriagoa den arren, eta gobernuz kanpoko erakundeek geroz eta diru premia handiagoa duten arren, diru-laguntzak geroz eta txikiagoak dira.
Guterres nabarmendu duenez, beharrei aurre egiteko 7.000 milioi euro aurreikusi zituzten, baina 3.000 milioi bakarrik lortu zituzten. "Ez gara behar dugunaren erdira ere heltzen. Horrek ondorio oso larriak ditu errefuxiatuengan", esan du.
Siria, herrialderi kaltetuena
Siria da herrialderik kaltetuena. 2011n abiatutako gerrarekin hasi ziren milaka eta milaka siriar euren etxeetatik alde egiten. Ordutik, 3,8 milioi errefuxiatu siriar daude munduan.
Txostenaren arabera, azken bost urteotan, 15 gatazka sortu edo berpiztu dira munduan: horietatik 8, Afrikan (Boli Kostan, Afrika Erdiko Errepublikan, Nigeria ipar-ekialdean, Kongon, Sudanen eta Burundin); hiru, Ekialde Erdian (Sirian, Iranen eta Yemenen); bat, Europan (Ukrainian); eta hiru, Asian (Kirguizistanen, Birmanian eta Pakistanen).
Oso herrialde gutxitan lortu da piztutako gatazka konpontzea eta egoera bere onera ekartzea. Hala, errefuxiatu ia gehienek ezin izan zuten iaz euren etxeetara itzuli.
Nazioarteko Agentziaren arabera, iaz 126.800 errefuxiatuk bakarrik lortu zuten euren jaioterrietara itzultzea, azken 31 urteotako kopururik baxuena.
Siriaren ondoren, Afganistan eta Somalia dira herrialde kaltetuenak; Afganistanetik iaz 2,59 milioi herritarrek alde egin zuten, eta Somaliatik 1,1 milioi herritarrek.