Mundua -

Goi bilera Alemanian

Jihadismoa eta klima aldaketa hizpide G7an

Munduko zazpi herrialde boteretsuenen goi bileraren bigarren egunean epidemiak saihesteko neurriak ere hartuko dituzte ahotan.

Obama eta Merkel, lehen planoan, astelehen honetako bileran. EFE
Obama eta Merkel, lehen planoan, astelehen honetako bileran. EFE
Obama eta Merkel, lehen planoan, astelehen honetako bileran. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismo islamistaren eta klima aldaketaren kontrako borrokak izango dituzte gaur hizpide G7ak Elmaunen (Alemania) bi egunez egiten ari den batzarrean. Horrez gain, ebolaren moduko epidemiei aurre egiteko neurriak ere eztabaidatuko dituzte munduko zazpi herrialde boteretsuenek.

AEB, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Kanada eta Japoniako buruzagiek igandean ekin zioten batzarrari, Errusiaren eta Greziarekin dauden aferak mahai gainean jarrita.

Bigarren egun honetan, jihadismoak Iraken eta Nigerian izan duten hedapena izango dute aztergai herrialdeok. Muhammdu Buhari eta Beyi Caid Essebsi Nigeriako eta Tunisiako presidenteak eta Haider Al Abadi Irakeko lehen ministroa hartuko dituzte gonbidatu gisa, Boko Haramen eta Estatu Islamikoaren gorakadaren kontrako neurriak adosteko.

Klima aldaketari aurre egin nahi diete Alemaniak eta Frantziak, eta Parisen 2015 amaieran izango den Klima Aldaketaren inguruko Goi Bilerarako adostasun maila zabala erdiesteko asmoa dute bi herrialdeek.

Karbono dioxidoaren eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak nabarmen gutxitzeko akordioa lortu nahi dute Merkelek eta Holandek. Klimaren Funts Berdeari eman beharreko diru partida handitzea ere proposatuko dute (urtero 100.000 milioi euro behar ditu).

Osasuna eta mundu mailako epidemiak ere, zazpi herrialdeen kezka-iturri dira. Alemaniak, Ghanak eta Norvegiak ebolari aurre egiteko proposatutako osasun programa izango dute mahai gainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Nazioarteko azken berriak Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua bideoak Alemania albisteak Frantzia bideoak Jihadismoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Larrialdi klimatikoa