Mundua -
Immigrazioa
Europar Batasunean asilo-kuotak ezartzearen aurka azaldu da Frantzia
EBko herrialde guztien artean errefuxiatuen "bidezko" banaketa egitea proposatu du Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek adierazi duenez,
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak gaur esan duenez, asilo-eskatzaileak Europar Batasuneko herrialdeen artean banatzeko aldi baterako kuota-sistemaren aurka dago Frantzia. Horren ordez, EBko herrialde guztien artean errefuxiatuak "era bidezko batean" banatzea proposatu du Vallsek.
"Nazioarteko irizipideek ezarritako eskubidea da asilo politikoa, eta EBko herrialde guztiek onartutako eskubidea da. Beraz, asilo-eskatzaileen kopurua ezin da kuoten mende jarri", esan du Frantzia-Italia mugatik gertu izandako ekitaldi batean.
Asteazkenean egin zuen proposamena Europako Batzordeak, eta dagoeneko Europar Batasunean dauden asilo-eskatzaileak herrialdeen artean banatzea iradoki zuen behin-behinean. Halaber, beste herrialdeetako 20.000 errefuxiatu hartzeko mekanismo bat sortzea ere proposatu zuen.
Errefuxiatuak modu "justuago" batean banatzea defendatzen du Frantziak, eta Vallsen esanetan, kontuan hartu behar dira herrialde bakoitzak dagoeneko egindako ahaleginak.
Frantziako lehen ministroak azaldu du haren herrialdeak Siriako 5.000 errefuxiatu eta beste 4.500 irakiar hartu dituela 2012az geroztik. Halaber, nabarmendu du asiloa eskatzen duten pertsonen % 75 Frantziaren, Italiaren, Alemaniaren, Erresuma Batuaren eta Suediaren artean banatzen dituztela.
"Europak asilo politika bat izan behar du", azpimarratu du Vallsek. Haren esanetan, Europak erantzun bateratua eman behar du, mugak kontrolatzeko sistema europarra sortu behar du eta pertsonen trafikoa eragozteko neurriak hartu behar ditu.
Itsas Alpeetan izan da gaur Valls eta, hain zuzen ere, eskualde horretan 944 etorkin eta 54 trafikatzaile atzeman zituzten astelehenean.