Mundua -
Ebola
Osasunaren Mundu Erakundeak amaitutzat eman du ebola izurria Liberian
Ez dira kasu berriak antzeman azken 42 egunetan. Dena den, agintariek alertan jarraituko dute eta Osasunaren Mundu Erakundeko langileek herrialdean segituko dute urte amaierara arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasunaren Mundu Erakundeak amaitutzat eman du ebola izurritea Liberian, izan ere, ez da kasu berririk antzeman azken 42 egunetan eta hori da berrogeialdiak irauten duen denbora.
"Gaur 2015eko maiatzaren 9a, Liberia ebolatik libre dagoen herrialde gisa jo du Osasunaren Mundu Erakundeak. 42 egun igaro dira 2015eko martxoaren 28tik, laborategian baieztatutako azken gaixoa lurperatu zenetik. Ebola birusaren izurritea amaitu da Liberian", azaldu du Osasunaren Mundu Erakundeak ohar batean.
Azken gaixoarekin harremanetan egon ziren 332 pertsonek ez dute gaixotasuna garatu. Dena den, agintariek alertan jarraituko dute. Apirilean, asteko 300 analisi egin zituzten herrialdeko laborategietan eta guztiek emaitza negatiboa izan zuten.
Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 11.000 lagun baino gehiago hil dira Liberian, Ginean eta Sierra Leonan 2013ko abenduaz geroztik. Ebolaz hildako gaixoen erdiak Liberian jazo dira, eta abuztua eta urria bitartean bizi zituen herrialdeak garairik zailenak.
Bestalde, kasu berriak agertzen ari dira oraindik Ginean eta Sierra Leonan eta litekeena da herrialde horietako gaixoak Liberiara mugitzea, herrialdeen arteko muga "ahulak" baliatuz.
"Gobernuak badaki alertan jarraitu behar duela eta nazioarteko komunitatearen babesa, esperientzia eta gaitasuna ditu", azaldu du. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeko langileek herrialdean segituko dute urte amaierara arte.