Mundua -
Nepalen
2.500 hildakotik gora eta 6.000 zauritu jada, lurrikararen ondorioz
igandean Richter eskalan 6,7 gradu harrapatu dituen erreplika bat izan da. Gainera, gutxienez 22 hildako eta 217 desagertu daude Everest aldean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
6,7 graduko lurrikara berri batek Nepal astindu du, larunbatean herrialdea hankaz gora utzi zuen 7,9 graduko lurrikaratik 24 ordu ingurura. 2.500 lagun hil dira dagoeneko, eta 6.000 zauritutik gora daude.
Gainera, AEBko Geologia Zerbitzuak (USGS) zabaldu duenaren arabera, erreplikaren epizentroa Katmandu Nepalgo hiriburutik 81 bat kilometrora kokatu da.
Lurrikara Nueva Delhin eta Indiako eta Bangladesheko iparraldean ere antzeman dute.
Gutxienez 22 hildako Everesten
Gutxienez 22 hildako eta 217 desagertu daude Everesten larunbatean Nepalgo lurrikarak eragindako elur-jausien ondorioz, Nepalgo Turismo Ministerioak jakitera eman duenez.
Ordura arte 22 hilotz erreskatatu dituzte Everesteko kanpamentu nagusian. Bestalde, 217 lagunek galduta jarraitzen dute. Everesten, munduko gailurrik altuenean, elur-jausi gehiago izan dira igande honetan, erreplika berrien ondorioz.
Bestalde, 32 lagun bizirik erreskatatu dituzte, eta beste 29 Luklako ospitalean artatzen ari dira. Suresh Acharya Turismo Ministerioaren kideak azaldu duenez, lagun horiek helikoptero bidez eraman dituzte ospitalera.
Mendizaleen, bide-erakusleen eta zamaketarien atseden-gunea suntsitu zuen elur-jausiak. Gainera, kanpadendak ere txikitu zituen.
Everesten orain arte izandako tragediarik handiena izan da larunbatean jazotakoa. Iaz 13 lagun hil ziren beste elur-jausi baten ondorioz. Hori dela eta, gailurra hiru astez itxi zuten.
Dharahara jausi da
Bestalde, lurrikarak Dharahara -edo Bhimsen dorrea- XIX. mendeko monumentua suntsitu zuen. Eraikuntzak UNESCOren zigilua jaso zuen.
Dorrea 1832. urtean eraiki zuten, hasieran helburu militarrarekin. Barnealdean, eskailera baten bidez bederatzi solairuetara hel daiteke. Orain dela hamarkada bat inguru zabaldu zuten turistentzat.
Bestalde, lurrikara Nueva Delhin, Txinan eta India iparraldeko hiri ugaritan ere sentitu zen. NDTV bertoko telebista kateak zabaldu zuenez, minutu bat inguru iraun zuten mugimenduek eta, hori dela eta, jende asko kalera irten zen, izututa.
Hala, Indian 53 pertsona baino gehiago hil dira, azken balantzearen arabera.
Horren ildotik, Tibeten gutxienez 13 hildako izan ziren lurrikararen ondorioz, Nepaleko mugatik gertu. Hilotzak Nyalam eta Gyrong eskualdetan ageri ziren.
Espaniako Gobernuaren aholkuak
Espainiako Gobernuak bidaia atzeratzeko eskatu die Nepalera bidatzeko asmoa dutenei, herrialde asiarrean "normaltasuna berriz ezarri arte". Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio Ministerioak bidaiatzeko gomendioak berritu ditu, gaurko ezbeharraren ostean.
Abisuan, Jose Manuel Garcia-Margallok gidatzen duen departamentua Nepalen dauden espainiarrei zein hara joateko asmoa dutenei zuzendu zaie.
"Nepalera joatekoak diren bidariei atzeratzea gomendatzen diegu, normaltasuna nagusi izan arte", berretsi du Kanpo Arazoetarako Ministerioak