Mundua -
Elur-jausi batek harrapatuta
Googleko zuzendari bat hil da Everesten, lurrikararen ostean
Dan Fredinburg zuen izena; Everesten ibilaldia egitera joana zen, eta Googleren Pribatutasun Arloan lan egiten zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Dan Fredinburg Googleko zuzendarietako bat hil da Everesten zela Nepal astindu duen 7,9 graduko lurrikarak eragindako elur-jausi batek harrapatuta, enpresak zabaldu duenez.
Ohar baten bidez, Google "oso triste" azaldu da Fredinburgen heriotzagatik. Hildakoaren arrebak, Megan Fredinburgek, baieztatu egin du ezbeharra.
"Tamalez gutako bat galdu dugu tragedia honetan. Dan Fredinburg, Mountain View-ko Pribatutasun Arloko kide zen. Nepalen zen, Googleko beste hiru kiderekin batera, Evereseterako ibilaldi batean. Hil egin da. Beste bi lankideak onik daude, eta lanean ari gara ahalik eta arinen etxera ekartzeko", gaineratu du.
Megan Fredinburgek Instagramen baieztatu du heriotza.
"Saminez jakinarazi behar diet maite zuten guztiei gure Danek kolpe gogorra hartu duela buruan gaur goizean Everesten izan den elur-jausian, eta ezin izan du gainditu", esan du Meganek.
Hildakoen kopurua 2.000tik gertu da dagoeneko, Nepalgo Larrialdiak Kudeatzeko Zentro Nazionaletik zabaldu dutenez.