Mundua -

Larrialdi egoera

Lurrikarak Nepal gogor astindu eta 1.900 hildako baino gehiago utzi du

Gainera, hemezortzi mendizale hil eta beste asko zauritu dira Everesten magaleko kanpalekuan. Azken 81 urteetako sismorik bortitzena izan da gaurkoa.

Hiriburuan, zenbait erakin erori dira. Irudia: EFE
Hiriburuan, zenbait erakin erori dira. Irudia: EFE
Hildakoen kopurua etengabe handituz doa Nepalen

1:18

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nepal gaur, larunbata, astindu duen lurrikararen ondorioz hildakoen kopurua 1.910ra igo da eta 4.718 dira zaurituak, Nepalgo Armadaren arabera eta Ram Sharan Mahat hango Finantza ministroak aipatu duenez, Twitterren.

Bestalde, Gyanendra Shrestha Nepalg Turismo Ministerioko bozeramale baten esanetan, elur-jausi batek Everest mendiko magalean dagoen kanpalekua hartu du.

Elur-jausiaren ondorioz, hemezortzi mendizale hil eta beste asko zauritu dira, tartean atzerriko turistak. Bertan dauden bi espainiar onik atera dira.

Hala adierazi dio Javier Camacho Gimenez mendizale eta argazkilariak Eferi. Camacho Ricardo Fernandez asturiarrarekin batera zegoen bertan, Lhotse gainera igotzeko asmoz, oxigeno eta sherpen laguntzarik gabe.

Era berean, gutxienez sei pertsona hil dira Indian, horietako bost Bihar estatuan (ipar sartaldean), lurrikarak suntsitutako erakinetan. Gobernua, bere aldetik, egoera aztertzen ari da eta baliteke laguntza bidaltzea Nepalera.

Familia bereko bi ume hil dira, Bhagalpurren, horma bat erorita eta beste hiru Biharreko bestelako distritutan, IANS albiste agentziak zabaldu duenaren arabera.

Espainiako iturri diplomatikoen arabera, hildakoen artean ez dago espainiarrik.

Lurrikara handia

Ritcher eskalako 7,9 mailako lurrikara batek Nepaleko erdigunea gogor astindu du gaur, Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak zabaldu duenez. Sismoa Indian eta Pakistanen ere nabaria izan da.

Ipar Amerikako institutuaren arabera, lurrikararen abiapuntua 15 kilometroko sakoneran izan da, nahiz eta hasieran 11,9 kilometrora zegoela esan duten; edonola ere, lurraren mailatik gertu.

Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketako EBko ordezkariak elkartasuna adierazi du Twitterren.

Gainera, epizentroa Nepaleko zenbait hiritik gertu dago, esaterako, Lamjung (29 km), Pokhara (68 km) eta Karmandu (81 km).

Hiriburuan, zenbait eraikin erori dira, Reuters albiste agentziak aipatutako lekukoen esanetan. "Mundu guztia kalean da, herritarrak ospitalerantz doaz korrika", esan du agentzia horretako kazetari batek.

Dharahara jausi da

Bestalde, sismoak Dharahara -edo Bhimsen dorrea- XIX. mendeko monumentua suntsitu du. Eraikuntzak UNESCOren zigilua jaso zuen.

Dorrea 1832. urtean eraiki zuten, hasieran helburu militarrarekin. Barnealdean, eskailera baten bidez bederatzi solairuetara hel daiteke. Orain dela hamarkada bat inguru zabaldu zuten turistentzat.

Bhimsen dorrea. Iturria: Wikipedia Commons

Bestalde, hainbat lekukoren arabera, lurrikara Nueva Delhin, Txinan eta India iparraldeko hiri ugaritan ere sentitu egin da. NDTV bertoko telebista kateak zabaldu duenez, minutu bat inguru iraun dute eta, hori dela eta, jende asko kalera irten da, izututa.

Narendra Modu Indiako lehen ministroaren hitzetan, "Indiako zenbait lekutan sismoa sentitu da". "Informazio zabalagoa batzen saiatzen ari gara, eta biktimengana heltzeko lanetan dihardugu, bai etxean, baita Nepalen ere", esan du. Indian, 51 pertsona baino gehiago hil dira, azken balantzearen arabera.

Era berean, Pakistanek ere sentitu ditu lurrikara honen ondorioak, Geo News hedabidean diotenez.

Horren ildotik, Tibeten 13 hildako izan dira lurrikararen ondorioz, Nepaleko mugatik gertu. Hilotzak Nyalam eta Gyrong eskualdetan ageri da.

Teknologia, eskura

Googlek bilatzaile bat abiarazi du, lurrikararen ondorioz desagertutakoaren inguruan informazioa zabaltzeko eta topatzeko.

Person Finder tresnaren bidez, kaltedunen izena eta abizena sar daiteke sisteman, eta ondoren bilaketa hitz bezala erabili.

Espaniako Gobernuaren aholkuak

Espainiako Gobernuak bidaia atzeratzeko eskatu die Nepalera bidatzeko asmoa dutenei, herrialde asiarrean "normaltasuna berriz ezarri arte". Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio Ministerioak bidaiatzeko gomendioak berritu ditu, gaurko ezbeharraren ostean.

Abisuan, Jose Manuel Garcia-Margallok gidatzen duen departamentua Nepalen dauden espainiarrei zein hara joateko asmoa dutenei zuzendu zaie.

"Nepalera joatekoak diren bidariei atzeratzea gomendatzen diegu, normaltasuna nagusi izan arte", berretsi du Kanpo Arazoetarako Ministerioak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Lurrikara Nepalen 2015 Hondamendi naturalak Gaurko azken ordukoa Asia albisteak Hondamendi naturalek kaltetutakoak Elur-jausiak