Mundua -
Libiatik abiatu ziren
700 lagun hondoratu dira Mediterraneoan izandako ezbehar handienean
Portugalgo itsasontzi bat etorkinen ontzira hurbildu da, laguntzeko, eta, denak itsasontziaren alde batean pilatuta, hondoratzea eragin omen dute. Dagoeneko 24 hilotz atera dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
700 etorkin inguru desagertu dira Siziliako itsasartean (Libiako kostaldetik 60 bat itsas milara) Italiarantz zihoazela itsasontzia hondoratu zaienean, Carlotta Sami ACNURen Italiako bozeramaileak adierazi duenez.
Bertoko hedabideek zabaldu dutenez, Portugalgo itsasontzi batek eman du abisua, 28 pertsona erreskatatu eta gero. Salbatu diren etorkinek jakinarazi dute beste 700 bat zihoazela ontzi barruan. Dagoeneko, 24 hilotz jaso dituzte erreskate taldeek.
Samiren arabera, Italiako Kostazainek bart jaso dute abisua, etorkinak zihoazen itsasontzia arriskuan zegoelako.
Garaiz iritsiko ez zirenez, Kostazainek laguntza eskatu zioten inguruan zegoen Portugalgo itsasontzi bati.
Itsasontzi portugaldarrak etorkinengana hurbildu direnean, "itsasontziko bidaiariak alde batean bildu dira eta horrek hondoratzea eragin du".
Portugalgo ontziak, berehala, erreskate lanak abiarazi ditu, Italiako Kostazainek, Finantza Guardiak, Itsas Armadak eta baita Maltako Itsas Armadak ere itsasontzi gehiago bidaltzen zituzten bitartean.
Uneotan, Italiako eta Maltako itsasontziek erreskate lanetan dihardute.
"Berehalako neurriak"
Federica Mogherini Europako diplomazia buruak iragarri duenez, immigrazioaren afera eguneko gaien artean sartuko duela bihar, astelehena, Luxenburgon egitekoa den Kanpo Arazoetarako ministroen bileran.
"Berehala neurriak hartu behar ditugu, heriotza gehiago ekiditeko, eta ikuspegi zabalagoa beharrezkoa da immigrazioari bere osotasunean heltzeko", esan du.
Bileran, Mogheriniren esanetan, "Libiarentzako proposamen sorta aurkeztuko da", hori baita etorkinen aterabide nagusienetakoa.
Donald Tusk Europar Batzordeko presidentearen mezua