Mundua -
Afganistán
Estatu Islamikoak bere gain hartu du 34 hildako utzi dituen atentatua
Gainera, gutxienez pertsona bat hil da Jalalabad herrian jazotako bigarren atentatu batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Afganistanen 34 hildako eta ehun zauritu inguru eragin dituen atentatua. Gaurkoa, erakunde horrek Afganistanen egiten duen gisa horretako lehendabiziko erasoa da.
Estatu Islamikoak mezu bat bidali du Pajhwok albiste agentziara atentatuaren egiletza aitortuz.
Goizeko lehen orduan jazo da erasoa Kabulgo Bankuak Jalalabad hirian duen egoitzaren atarian. Une horretan, ehunka lagun bertara joanak ziren beren soldatak kobratzeko, Gobernuko hainbat kargudun tartean.
Gaurko erasoaz gain, Estatu islamikoak beste hainbat "hilketa eta bahiketa" aldarrikatu ditu azken hilabeteetan Afganistanen. Ashraf Gani Afganistango presidenteak adierazi duenez, eraso horiek "gerra mota berri baten zantzuak" dira eta "mehatxu larria" dira herrialdearentzat. "Gerra horren kontrako borroka egitea gure obligazioa da", gaineratu du.
Bestalde, gutxienez pertsona bat hil da Jalalabad herrian (Afganistan) jazotako bigarren atentatu batean. Atzerri Gaietarako Ministerioak baieztatu du segurtasun indarrek beste bi lehergai desaktibatu dituztela hiri horretan bertan, Tolo News telebista kateak berri eman duenez.