Mundua -

Sana

NBEk aterarazi egin ditu Yemengo hiriburuan dituen langileak

Yemengo Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi duenez, "litekeena da" Saudi Arabiak gidatutako nazioarteko koalizioko indarrek esku hartzea herrialdean.

Hutien mugimendu txiitako kideak herenegun, Sanan, protesta batean. Irudia: EFE
Hutien mugimendu txiitako kideak herenegun, Sanan, protesta batean. Irudia: EFE
Hutien mugimendu txiitako kideak herenegun, Sanan, protesta batean. Irudia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak irtenarazi egin ditu Sana Yemengo hiriburuan dituen kideak, segurtasunak okerrera egin duelako, nazioarteko erakundeko zenbait iturrik adierazi dutenez.

NBEren misioa osatzen duten 100 pertsona baino gehiago aireporturako bidean dira dagoeneko eta inguruko zenbait herrialdeetara eramango dituzte, esaterako, Jordaniara.

Ordu batzuk lehenago, Saudi Arabiako Itsas Armadak ere aterarazi ditu Adenen dituen diplomatikoak, 'Urakana Operazioa'ren baitan, Yemengo telebistak zabaldu eta Reutersek jaso duenez.

Operazioa 'Azken Ekaitza Operazioa"ren parte da; Saudi Arabiak gidatzen du eta Arabiar Emirerri Batuak, Bahreinek, Qatarrek, Kuwaitek, Egiptok eta Marokok ere babesten dute. Helburua, houthiak eta herrialdeko milizia islamikoak geldiaraztea.

Izan ere, houthiek aurrerapausoa handiak eman dituzte ekialdean eta hegoaldean, nazioarteko koalizioak bonbardaketak egin dituen arren.

Miliziak, aldiz, Arabiako itsasoan lehen gotorlekua egitea lortu du, Shagra kontrolpean hartuta, Abyan  probintzian.

"Litekeena da esku hartzea"

Riad Yasin Yemengo Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi duenez, "litekeena da" Saudi Arabiak gidatutako nazioarteko koalizioko indarrek lurretik esku hartzea, agintaritza berrezartzeko, hutxien miliziei erantzunda.

Atzerriko soldaduek herrialdean sartzeko aukeraz galdetuta, "baliteke, litekeena da" esan du Yasinek.

Ministroak, halaber, Sharm el Sheij (Egipto) hirian iragarri du Abd Rabbu Mansur Hadi Yemengo presidenteak atzerrian jarraituko duela, egoera bere onera itzuli arte.

Goi bilera arabiarra Egipton

Saudi Arabiak, Egiptok eta Kuwaitek indarrak batzea eta mehatxuen aurrean (euren ustean, terrorismoa eta Iranek esku hartzea) arin jokatzea eskatu dute.

Horixe bera izan da Salman bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregearen, Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidentearen eta Sabah al Ahmad al Sabah Kuwaiteko emirraren hitzaldien ardatza, Sharm al Sheij Egiptoko hirian egiten ari diren Goi Bileraren hasierako hitzaldietan.

Gainera, erregeak berriz ere esan duenez, koalizioaren erasoak (Riadek gidatuta) "helburuak lortu arte" iraungo du, erreboltariek "mehatxu baitira herrialdeko segurtasunean eta egonkortasunean".

"Yemenen atzerritik esku hartu dutenez hutiek boterea bereganatu eta Sana okupatu zuten", salatu du erregeak, Iranek egindakoaren inguruan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Egipto gaur Saudi Arabia