Mundua -
Frantzia
Droneak ikusi dituzte berriro Parisko zeruan
Frantziako segurtasun indarrek Al Jazeerako hiru kazetari atxilotu dituzte gaur Parisen, gidaririk gabeko aireko ibilgailu bat, drone bat, erabiltzeagatik.
Erredakzioa
Piloturik gabeko bost hegazkin edo drone atzeman dituzte bart, berriro, Parisko gune estrategikoen gainetik hegan, Frantziako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez. Atzo ere, horrelako bost aparatu begiztatu zituzten.
Oraingoan, Concorde plaza inguruan ikusi dituzte droneak. Hain ezagunak ez diren beste gune batzuetan ere atzeman dituzte; Saint-Ouen eta Issy-les-Moulineaux udalerrietan eta Paris iparraldean, Clignancourt barrutian, esaterako.
Hegazkin txikiok nork gidatzen dituen argitzeko lanean dabiltza segurtasun indarrak.
Urtarrilean, antzeko operazio bat abiatu zuen Poliziak, drone bat Eliseo jauregiaren gainetik ibili eta gero. Iaz, berriz, turista bati isuna jarri zioten drone bat Notre Dame katedralaren gainetik gidatzeagatik.
Al Jazeerako hiru kazetari atxilotu dituzte
Frantziako segurtasun indarrek Al Jazeerako hiru kazetari atxilotu dituzte gaur Parisen, gidaririk gabeko aireko ibilgailu bat, drone bat, erabiltzeagatik.
34, 52 eta 68 urteko hiru kazetariak 15:30 aldera atzeman dituzte, Boulogne basoaren inguruan. Le Parisien-en arabera, atxilotuetako batek maneiatzen zuen dronea, eta beste batek irudiak grabatzen zituen.
Frantziako agintariek, hala ere, ez dute harremanik ikusten kazetari hauen eta azken egunotako droneen artean.