Mundua -

Goi-bilera Minsken

Su-etena adostu dute Ukrainak eta Errusiak

Vladimir Putinek iragarri duenez, tregoa igandean sartuko da indarrean.

Goi-bilera Minsken (Bielorrusia). Argazkia: EFE
Goi-bilera Minsken (Bielorrusia). Argazkia: EFE
Minsken akordiorik ez badago, Ukrainako egoera kontrolik gabe geratuko da

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak eta Errusiak akordioa lortu dute su-etena egiteko igandeko 24:00etik (larunbateko 22:00ak, Euskal Herrian) eta arma astunak erretiratzeko, Vladimir Putin presidente errusiarrak iragarri duenez.

"Funtsezkoaren inguruan akordioa lortu dugu", nabarmendu du Putinek, Minskeko (Bielorrusia) goi-bileraren ostean egindako prentsaurreko batean. Bertan, Ukrainako, Errusiako, Frantziako eta Alemaniako buruzagiak bildu dira, 15 orduz, gerrari konponbidea bilatzeko.

Azkenean, itun bat adostu dute, iazko irailean sinatutako akordioak ezartzeko, eta Ukrainako matxino errusiazaleek ere egin dute bat, Putinek zehaztu duenez.

Horren esanetan, Kieveko agintariek Donetskeko eta Luganskeko eskualdeetako matxinoekin hartu-eman zuzenak izateari uko egin diotelako luzatu dira negoziazioak.

"Eskualde horiek aitortzen ez badituzte ere, errealitatea izan behar da abiapuntua, eta akordio iraunkorra lortu nahi badute, hartu-eman zuzenakizan behar dituzte", esan du.

Bestalde, Francois Hollande Frantziako presidenteak adierazi duenez, "oraindik lan handia egin beharra dago Ukrainako krisian, baina Minskeko akordioa benetako aukera da egoera hobetzeko".

Cumbre Ucrania Ukrainia Minsk. EFE

Cumbre Ucrania Ukrainia Minsk. EFE

Argazkia: EFE

Erreakzioak

Bake akordioa lekuan bertan aplikatu bitartean “zuhurtzia” eskatu du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak. Petro Poroxenko Ukrainako buruzagiak EBko estatu kideei eskerrak eman dizkie, gatazkaren aurrean azaldutako “batasunagatik”.

Minskeko akordioa betetzen ez baldin bada zigor gehiago jarriko ditu EBk, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak azaldu duenez. Aldeek su-etena eta ituneko beste baldintzak betetzen ez baldin badituzte “neurri gehiago” hartu beharko dituztela ohartarazi du Merkelek.

Bestalde, su-eten akordioa ospatu dute Ameriketako Estatu Batuek, eta ituna aplikatzeko “pauso konkretuak” eskatu dizkiete aldeei, baina azken orduetan Ukrainako ekialdean areagotu den indarkeriak adostutakoa arriskuan jartzen duela ohartarazi du Washingtonek.

Akordioa ixteko orduan nazioarteko buruzagiek agertutako “pertseberantzia” goraipatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.

NDFk 15.500 milioi euroko laguntza

Bestalde, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) presidenteak Ukrainari 15.500 milioi euroko mailegua emateko akordioa iragarri du, Bruselan.

"Programa anbizio handikoa, gogorra eta arriskutsua da", ohartarazi du Lagardek, eta erakundeak otsail amaieran bozkatuko duela gaineratu du.

Horren hitzetan, programak "Ukrainako ekonomia egonkortzen" lagunduko du, bertako Gobernuaren erreformak babestu eta "herritarren bizi-baldintzak hobetzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ukraina albisteak Errusia Vladímir Putin bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa