Mundua -
Datorren asteazkenean
Ukrainako ekialdea baretzeko goi-bilera iragarri du Alemaniak
Otsailaren 11n egingo dute, Minsken, eta Errusiak, Ukrainak, Alemaniak eta Frantziak parte hartuko dute.
Erredakzioa
Alemaniako Gobernuak iragarri duenez, datorren asteazkenean goi-bilera egingo dute Minsken (Bielorrusia), xede izanik Ukrainako ekialdean bakea lortzea. Goi-bilera horretan, Errusiak, Ukrainak, Alemaniak eta Frantziak parte hartuko dute.
Moskurekin akordioa lotzeko xedez, negoziazioei ekin diete berriro igande honetan. Horren harira, telefono bidezko konferentzia egin dute Angela Merkel kantzillerrak, Frantziako presidente François Hollandek, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Victor Poroshenko Ukrainako presidenteak.
Kantzelaritzak azaldu duenez, lau herrialdeak lanean aritu dira "neurri-sorta" prestatzeko, Ukrainako ekialdeko gatazkari "irtenbide osoa" eman ahal izateko, hain zuzen ere.
Errusiako presidente Vladimir Putinek, ordea, goi-bilera egingo dutela esan du, "ordurako guztion jarrerek bat eginez gero".
Ahalegin diplomatikoak
Negoziazioek bihar jarraituko dute Berlinen, eta asteazkenean, berriz, goi-bilera egingo dute Minsken 'Normandia formatuan', II. Mundu Gerrareb aliatuen lehorreratzearen urteurrenaren harira joan den ekainean egindako bilerari erreferentzia eginda.
Asteazkenera bitartean, Minskeko akordioaren sinatzaileak ere Bielorrusiako hiriburuan bilduko dira: Segurtasunerako eta Lankidetzarako Europako Elkarteko (OSCE) ordezkariak, Errusia, Ukraina eta separatista errusiazaleak, alegia.
Merkelek eta Hollandek abiatutako ahalegin diplomatikoen azken urratsa da asteazkeneko goi-bilera. Joan den astean Poroshenkorekin eta Putinekin bildu ziren Kieven eta Moskun krisiari irtenbide politikoa bilatzeko.
Merkelek aitortu duenez, negoziazioen arrakasta ez dago bermatuta, baina ahalegina merezi duela azpimarratu du, Ukrainan izandako hildako-kopuruagatik.
Aurkako jarrerak
Egoerari aurre egiteko unean, aurkako jarrerak erakutsi dituzte lau herrialdeek. Ukrainako presidenteak armak eskatu ditu matxino errusiazaleen aurka borrokatzeko. Izan ere, Porosehenkok lau errusiarren pasaporteak erakutsi ditu, soldadu errusiarrek muga igaro dutela frogatzeko. Hala eta guztiz ere, Alemaniak eta Frantziak Ukrainaren eskaera errefusatu dute.
AEBek, berriz, euren burua defendatzeko eskubidea aitortu nahi dio Ukrainari. Bestalde, Putin presidenteak ez duela gudarik egin nahi azpimarratu du, baina haren herrialdearen garapena eten nahi dutela salatu du.
Ukrainako ekialdeko errepublika separatistetan izandako liskar militarrek 5.000 hildako utzi dituzte azken 9 hilabetetan, eta milioi bat gora errefuxiatu.
Giza-laguntza Ukrainan sartu da
Bestalde, giza-laguntza daraman konboi bat sartu da Ukrainan, eta Donetsk eta Lugansk eskualdeetara abiatu da, Larrialdietarako Ministerio errusiarrak jakitera eman duenez. 170 kamioitik gora osatzen dute konboia.
Agintari errusiarrek azaldu dutenez, 1.800 tona janari, osasun-produktu, eraikuntza-material eta premiazko beharrizanekin lotutako hainbat produktu daramatza konboiak.
Sputnik Errusiako albiste-agentziak zabaldu duenez, Ukrainako mugaren zerbitzu-ordezkariak eta Segurtasunerako eta Lankidetzarako Europako Erakundeko (OSCE) ordezkariak kamioiak behatzen ari dira.
Konboi duela astebete irten zen Rostov eskualde errusiarretik. Merkantzia bitan banatuko dute: 1.100 tona Donetsken banatuko dituzte, eta gainerako 700 tonak, berriz, Lugansken.