Mundua -
70. urtemuga
Auschwitzen 'izugarrikeria' gogoan hartzeko eguna, Alemanian
40 herrialdetako ordezkariak eta kontzentrazio-esparrutik onik atera ziren 300 lagun izango dira nazien eremu hau askatu zuteneko 70. Urtemugako ekitaldi nagusian.
Erredakzioa
Gaur dira 70 urte nazien kontzentrazio-esparru krudel eta handiena izan zen Auschwitzeko azken biktimak askatu zituztela. Milioika lagunentzat "izugarrikeria, sufrikarioa eta heriotza" ekarri zuen nazien deuseztatze-esparruak.
Sobietar Batasuneko soldaduek askatu zituzten Auschwitzeko azken presoak, 1945eko urtarrilaren 27an. Milioi bat judu, 64.000 poloniar, 21.000 ijito, 14.000 sobietar eta hainbat nazionalitatetako 10.000 lagun hil zituzten naziek bertan.
70. urtemuga lore-eskaintza batekin abiatu dute gaur Heriotzaren Harresian. Nazien kontzentrazio-esparruetatik onik atera ziren 100 bat lagunek loreak eta kandelak utzi dituzte SS taldeak fusilatze masiboak egin zituen tokian.
Bizirik atera zirenek Bronislaw Komorowski Poloniako presidentea izan dute lagun, Auschwitz-Birkenau kontzentrazio-esparrua Oswiecim herrian dago, Polonian, Krakoviatik 45 kilometrora.
Ekitaldi nagusia, baina, 14:30etan(GMT) abiatuko dute, 40 herrialdetako ordezkariek eta nazien kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera ziren 300 lagunek parte hartuko duten zeremonian. Mundu mailako 11 agintari izango dira, François Holande Frantziako presidentea, Joachin Gauk Alemaniakoa, Petro Poroshenko (Ukraina) eta denen anfitrioi lanetan, Bronislaw Komorowski Poloniako presidentea. Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dute zeremoniara gonbidatu, Ukrainiako auzia dela eta.
Auschwitz-Birkenau Museoak eta Auschwitz Nazioarteko Kontseiluak antolatu dute ekitaldia. "70 urtemuga hau ez da aurrekoak bezalakoa izango. Argi izan behar dugu: aurrerantzean ezingo dugu bizirik atera diren hainbeste lagun bildu", azaldu du Piotr M.A. Cywinski Auschwitz oroitzeko erakundeko presidenteak.
"Ezin dugu ahaztu"
Joachim Gauck Alemaniako presidenteak Holokaustoa ez ahazteko deia egin die alemaniarrei eta jazarriak izan zirenei "babesa eta errespetua" zor dietela nabarmendu du.
"Auschwitz gabe, ez dago identitate alemaniarrik", esan du presidenteak Alemaniako Parlamentuaren aurrean egindako hitzaldian. Herrialdeak aspaldi abiatu zuen "izugarrikeria honen memoria" aldarrikatu du Gauckek, gizateriaren kontrako krimenak "ez ahazten" lagundu duelako.
"Etorkizuneko belaunaldiei dagokie memoria hori bizirik mantentzea, urtemugen erritualean jausi barik", agertu du presidenteak. Izan ere, haren hitzetan, Alemaniako historiaren atal beltzena bukatutzat emateak "biktima horien kontrako beste krimen bat egitea suposatuko luke".