Mundua -
Erasoak areagotu dira
Gutxienez 30 hildako Ukrainako ekialdean izandako eraso batean
Halaber, 86 lagun zauritu dira. Artilleriarekin egindako erasoa Mariupol hirian izan da. Donetskeko Poliziak Errusiaren aldeko matxinoei egotzi die atentatua.
Erredakzioa
Gutxienez pertsona hil eta beste 86 zauritu dira Mariupoleko hiriaren aurka izandako eraso baten ondorioz, Ukrainako ekialdean,Ukrainako Barne Ministerioak zabaldu dunez.
Donetskeko eskualde-Gobernuko Osasun Sailak jakinarazi duenez, hildakoen artean gutxienez haur bai daude. Beste bost ospitaleratuta daude.
Mariupoleko hainbat etxebizitzen aurka izandako erasoen berri eman du Ukrainako indar armatuen prentsa-zerbitzuak. Horren ostean, Donetskeko Poliziaren buru Viacheslav Abroskinek Errusiaren aldeko matxinoei egotzi die atentatua.
Donetskeko eskualdeko hiri garrantzitsuenen artean, bigarrena da Mariupol, eta behin-behineko hiriburu bihurtu dute ukrainazaleek. Orain arte Mariupolen ez zen erasorik izan. Mariupol Azov itsasoaren bazterrean dago, eta milioi bat biztanle inguru ditu.
Kieveko indarrek azaldu dutenez, 'Grad' misil bat Vostochni etxebizitzen aurka jaurti dute. Gainera, auzokideek salatu duenez, erasoak ere izan dira Kievski eta Ordzhonekidze auzoetan. Horren ondorioz, hainbat autok su hartu dute, eta merkatal-gune batek kalte handiak jasan ditu.
"Canal 5" telebista-kate ukrainarrak zabaldu duenez, auzo horietako herritarrak bertatik ihes egin saiatu dira, baina garraio publikoa jendez gainezka dago, eta taxia deitzeko ezinean daude.
Eraso handia
Bestalde, Ukrainako Segurtasunerako eta Defentsarako Batzorde Nazionaleko idazkari Alexandr Turchinovek "militar errusiarrei" egotzi die erasoa. Gainera, Nazio Batuen Segurtasun Batzordea berehala deitzea eskatu du Ukrainako ministro Arseni Yatseniukek.
Ukrainako Defentsa ministro Stepan Poltorakek gaur onartu duenez, milizia separatistek eraso zabala abiatu dute Gobernuaren indarren aurka herrialdearen ekialdean. "Azken 24 orduetan egoerak okerrera egin du nabarmen, Lugansketik Mariupoleraino", azaldu du, "legez kanpoko talde armatuek erasoari ekin diote".
Ukrainako Gobernuaren mende dagoen eskualdeak bereganatu nahi ditu eraso separatistak. Horren harira, Donetskeko Errepublika Popularraren buru Alexandr Zajarchenkok Kieveko indarren aurkako eraso handia iragarri zuen atzo, eskualde osoa bereganatzeko asmoz. Hala ere, Mariupol hiria matxinoentzat premiazko helburua ez zela azpimarratu zuen.
Premiazko bilera
Ukrainarako Harreman-Taldeko ordezkariek –Ukraina, Errusia eta Segurtasunerako eta Lankidetzarako Europako Erakundea– premiazko bilera egin dute larunbat honetan, errusiazale separatistek Mariupolen abiatutako erasoa dela-eta.
Harreman-Taldeak eskatu du "liskarrak amaitzea eta Minskeko bake-itunaren sinatzaileak lehenbailehen biltzea" datorren astearen hasieran, posible bada".
5.000 hildako
Joan den abenduaren 9an adostutako su-etena bertan behera geratu ostean, erasoak areagotu egin dira Donetsk eta Lugansk eskualdeetan.
Nazio Batuen Erakundeak dioenez, 5.000 hildako utzi ditu gatazka horrek, eta 1,5 milioi ukrainar errefuxiatu bihurtu dira herrialdearen ekialdean izandako gerraren ondorioz.