Mundua -
Ukraina
Errusiazaleak, 2015a aurretik bilera erronda irekitzearen alde
Errusiazaleen buruak ez du baztertzen hurrengo bilera igandean edo astelehenean izatea.
Erredakzioa
Negoziazioetan, Ukraina ekialdeko Luhansk eskualdeko errusiazaleen buru den Vladislav Deinegok adierazi du urtea amaitu aurretik bilera erronda bat irekitzearen alde daudela.
"Gure esku dagoen guztia egingo dugu, urtea amaitu aurretik, Harreman Taldearen (Ukraina, Errusia, errusiazaleak eta Europako Segurtasun eta Lankidetza Erakundea) negoziazio bilera berri bat egin dadin", adierazi dio Deiengok Interfax Errusiako albiste agentziari.
Hala ere, ukatu egin du negoziazioak gaur hasiko direnik; izan ere, "ezinezkoa da parte-hartzaileek Minskera iristeko denbora izatea".
"Ez dut baztertzen bilera bihar edota etzi izatea. Gu prest gaude. Kieven erantzunaren zain gaude", gaineratu du.
Harreman Taldea gaur Bielorrusiako hiriburuan elkartzekoa zen, baina bilera bertan behera utzi dute azken orduan.
Beste lau militar ukrainar aske utzi dituzte
Larunbat honetan, beste lau militar ukrainar aske utzi dituzte. "Beste lau mutiko gurekin ditugu, baina ez da preso trukerik izan", azaldu du Vasili Bidik Ukrainako Defentsa Ministerioko goi kargudun batek Facebookeko haren orrian.
Hala eta guztiz ere, Ukrainako Gobernuak uste du beste 490 gatibu daudela errusiazaleen eskuetan.