Mundua -
Erabaki judiziala
Hamas erakunde terroristen zerrendatik atera du EBko Auzitegiak
Zerrendan sartzeko erabakia errekurritu zuen Hamasek eta arrazoia eman dio orain justiziak. Zerrendan egoteak dakartzan ondorioak, baina, ez ditu aldatu Auzitegiak.
Erredakzioa
Hamas alderdi palestinarra erakunde terroristen zerrendatik ateratzea ebatzi du gaur Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. 2001etik, Europar Batasunak zerrenda sortu zuenetik, dago Hamas zerrendan, baina erabaki hori baliogabetu du orain justiziak, "prozedura akatsak" argudiatuta.
Dena dela, zerrendan egoteak dakartzan ondorioak bere horretan egongo dira hiru hilabetez, horren aktiboak izozteko erabakiaren eraginkortasuna bermatze aldera.
Europar Batasunak erakunde terroristen zerrenda sortu zuenetik, 2001etik, dago Hamas bertan. Erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Palestinako alderdiak.
Zerrendatik ateratzeko erabakia argudiatzeko orduan, "prozedura akatsak" aipatu ditu Auzitegiak. Izan ere, prentsan eta Interneten kaleratutako informazioak izan zituen oinarri Europar Batasunak zerrendan sartzeko, ez frogatutzat emandako ekintzarik.
Auzitegiak gogorarazi duenez, Europar Batasuneko arautegiaren eta hark ezarritako jurisprudentziaren arabera, ezin da erakunde bat terroristatzat jo eta haren ondasunak bahitu prentsan eta Interneten jasotako informazioengatik.
Horregatik, gaur kaleratutako epaiak baliogabe utzi du Hamas zerrendan sartzeko erabakia, erabaki horren ondorioak bere horretan utzi baditu ere.
Erabakia gorabehera, Hamas erakunde terrorista den ez duela aztertu zehaztu du Auzitegiak, hau da, ez duela gaiaren mamia ikertu.
Israelek erabakia deitoratu du
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Europar Batasuneko Auzitegiaren erabakia deitoratu du eta Hamas zerrendan "berehala" sartzea eskatu du.
"Hamas zerrendatik ateratzeko erabakia prozedura akatsei egozteak ez gaitu asebete", esan du Netanyahuk ohar batean.