Mundua -
Sarraskia Pakistanen
Nazioarteak atsekabea agertu du Pakistango sarraskiaren aurrean
Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridunak "bihotza hautsita" duela esan du, eta babesa agertu dio Pakistango Gobernuari.
Erredakzioa
Nazioarteak gaitzetsi egin du talibanek Pakistango eskola baten aurka egindako erasoa. 148 pertsona hil dituzte bertan, gehienak, 132, umeak.
Horren ildotik, gertatutakoa "tragedia nazionala" dela deitoratu du Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroak, eta "ume errugabeak" hil izana nazioarentzat "galera bat" dela gaineratu du.
Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridunak "bihotza hautsita" duela esan du, eta babesa agertu dio Pakistango Gobernuari.
Barack Obama AEBko presidenteak Islamabadi babesa emateko konpromisoa berretsi du, "terrorismoaren aurka borroka egiteko eta bakea eta egonkortasuna sustatzeko".
François Hollande Frantziako presidenteak "hitzik" ez duela esan du, eta Pakistango Gobernuari babesa agertu dio.
Erresuma Batuan, umeen aurkako erasoek "justifikaziorik" ez dutela salatu du Philip Hammond Atzerri ministroak.
Alemanian, Frank-Walter Steinmeier Atzerri ministroak eskolaren aurkako erasoa "azken urteetako krudelena" izan dela salatu du.
Espainiako diplomaziaren buruak, Jose Manuel Garcia-Margallok, atentatuak "gizakien alde txarrena" erakusten duela kritikatu du.
Europar Batasunak konpromisoa agertu du terrorismoaren aurka, eta Pakistango Gobernuari laguntzeko prest azaldu da, Federica Mogherini Atzerri Politikarako komisarioak adierazi duenez.
Azkenik, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak umeen aurka egitea "koldarkeria" dela esan du, eta sarraski honek ez duela "justifikaziorik" erantsi du.