Mundua -
Tregoa
Kievek eta errusiazaleek su-etena sendotu dute izenpetze baten bidez
Alabaina, atzeratu egin dute errusiazaleek kontrolpean dituzten eremuen autogobernuaren gaineko eztabaida.
Erredakzioa
Ukrainako Gobernuak eta errusiazaleek su-etena egonkortzeko beste aurrerapauso bat eman dute, bakearen gaineko memorandum bat izenpetuta, baina atzeratu egin dute errusiazaleek kontrolpean dituzten eremuen autogobernuari buruzko eztabaida.
"Lehenengo, bi aldeek armak erabiltzeari uko egitea. Bigarren, unitate militarrek eta talde armatuek irailaren 19an zeukaten kokapenari eustea", esan du Leonid Kutxma Ukrainako presidente ohi eta Minskeko negoziazioetan Kieven ordezkari denak.
"Hirugarren, edozein armaren erabilera eta erasoak erabat galaraztea", gaineratu du.
"Memorandumaren arabera, kalibre handiko armek atzera egin behar dute, gutxienez 15 kilometro. Horrela, 30 kilometro baino gehiagoko zabalera duen segurtasun gune bat egongo da", adierazi du, Bielorrusiako hiriburuko hotel batean zazpi orduz bilduta egon eta gero.
Kievek eta erreboltariek, halaber, gatazka gunetik minak kentzea eta mina gehiago jartzea debekatzea ere adostu dute. Horrez gain, herri eta hirietan armamentu astuna erabiltzea ere galarazi dute.
"Armadako hegazkinak ezingo dira erabili -piloturik gabekoak barne. Salbuespena Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen (OSCE) hegazkinak dira. Piloturik gabeko atzerriko hegazkinen erabilera ere debekatuta dago", zehaztu du.
Kutxmak nabarmendu duenez, Kievek "atzerriko talde armatu guztiak lurralde ukrainarretik ateratzeko akordioa" ere lortu du.